Donostiako Aste Nagusia

'Jaia, kaia eta iraultza alaia' aldarrikatuko dituzte Aste Nagusi Piratan

Abuztuaren 11tik 19ra bitarte ospatuko dituzte jaiak Donostian. Jai herrikoi, euskaldun eta askeak ospatzeko dozenaka ekitaldi antolatu dituzte.

Donostiako Piratak gaurko aurkezpenean
Donostiako Piratak gaurko aurkezpenean Juan Carlos Ruiz/FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 1

Gaur aurkeztu dute abuztuaren 11tik 19ra bitarte Kaia, jaia eta iraultza alaia lelopean Donostiako Piratek antolatu duten egitarau oparoa. Txupinazotik hasi eta irrikitaldiraino, ekitaldi andana antolatu dituzte piratek jai herrikoi, euskaldun eta askeak ospatzeko. Tartean dira kontzertu, bertso afari eta poteoak, eta, nola ez, jaien ikur bihurtu den abordatzea.

Jaigune aske bat sortu nahi dute piratek, eta argi utzi dute ez dutela onartuko sexu erasorik. Zirgari lantalde berriak sexu erasoen kontrako protolokoa sakondu eta egituratu du urte osoan. Lehenengo aldiz, puntu morea antolatu dute Flamenka gunean egon daitezkeen erasoei ahalik eta azkarrena erantzuteko; gauero egongo da irekita, 23:30etik 04:00etara. Salaketarako telefonoa ere aktibo egongo da aste nagusi guztian: 664-16 44 08.

Donostiako kaian izango du erdigunea piraten guneak. Egun osorako ekintzak antolatu dituzte, baina gaueko kontzertuak izan ohi dira jendetsuenak. Emakumeen aldeko apostua egin dute aurten kontzertuak antolatzeko orduan, hamabortz taldetatik hamaikatan emakumeen presentzia nabaria baita. Bertzeak bertze, Fan & Go, MICE, Belako eta Anje Duhalderen kontzertuak izango dira Flamenka gunean. 

Abuztuaren 13an ospatuko da jaien ikur bilakatu den abordatzea. Urtero bezala, festa giroan Kontxako badia abordatuko dute, eta, hala, besta gune bilakatuko dute. Aurten, berrikuntza gisa, abordatze eguneko bazkaria Flamenka gunean izango da. Izena emateko epea irekita dago, eta piraten webgunean bertan eman daiteke. Flamenka gunean ez ezik, Trinitate plazan ere antolatuko dituzte ekintzak piratek. Gauero, 21:00etan, afariak emango dituzte, eta afalondoa girotzeko kontzertuak ere antolatu dituzte. Hara doazenek La Jodedera, Ainhoa Larrañaga eta Iker Lauroba eta Lur Kortaren abestiak entzuteko aukera izango dute, bertzeak bertze.

Hamabi kofradiak osatzen dute Donostiako piraten mugimendua. Flamenka eta Trinitate plazako guneez gain, besta usaina Donostiako auzoetara eramateko bertzelako egitasmoak ere antolatuko dituzte kofradiek. Tartean dira bertso saio, poteo, herri bazkari eta jolasak.

Kaia erabiltzeko zailtasunak

Dena ez da besta izan, ordea, gaurko aurkezpenan, Donostiko piratek kaia erabiltzeko dituzten zailtasunak salatu baitituzte. Aurten, erraterako, udan iraungo duten lonjaren berrikuntza lanek jaigunea birplanteatzera behartu ditu piratak. Lasta gunea kendu, eta txosna eta kontzertu gunea Flamenkan integratu dituzte; horrek segurtasun protokolo berria osatzera bideratu ditu Piratak.

Trabak traba, Donostiako Piratek kaian jarraituko dutela adierazi dute. Aurtengo leloak (Kaia, jaia eta iraultza alaia), gainera, "jaiaren erdigunea" den kaiko eramua aldarrikatu nahi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna