Klima aldaketa

Berotegi gasen atmosferako metaketa inoizko handiena da, 2017an %2 handituta

Klima aldaketaren ondorioak okertzeko arriskuez ohartarazi du ozeanoari eta atmosferari behatzeko AEBetako agentziak

Portugalen iaz izandako suteetako bat.
Portugalen iaz izandako suteetako bat. Efe

Iñaki Petxarroman -

2018ko abuztuak 1

Orain arteko hirugarren urterik beroena izan zen 2017a. Haren aurretik beste bi beroenak, 2015 eta 2016a. Gaur argitaratu dute klimaren egoerari buruzko 2017ko txostena AEBetako ozeanoaren eta atmosferaren jarraipenaz arduratzen den NOAA agentzia federalak eta Ameriketako Meteorologia Elkarteak, eta ez du baikortasunerako aukera handirik utzi. Txosten hori egiteko mundu osoko 60 herrialdetako 450 zientzialariren laguntzar izan dute.

2017a inoizko urterik beroena izan ez bada ere, txostenak nabarmendu du aurreko bietan El Niño fenomenoa indarrean egon zela, eta hark eragiten duela Pazifikoko uren berotzea. 2017an ez zen halakorik izan.

Berotegi efektuko gasen isurketak %2ko hazkundea izan zuen 2017an. Eta hori datu kezkagarria da, aurreko hiru urteetan isurketetan ez zelako hazkunderik izan. Horrela, gaur egungo CO2 kontzentrazioa atmosferan 405 milioi partekoa (ppm) da, 2 ppm handiagoa 2016an baino.

Lurreko tenperaturak

Gaur argitaratutako txostenaren arabera, lurreko tenperaturak 0,38 eta 0,48 gradu artean berotu dira 1981etik 2010erako tartean. Azken lau urteak (2014tik 2017ra) sekula neurtutako beroenak izan dira. Aldi berean, tenperatura errekorrak neurtu dituzte hainbat herrialdetan, besteak beste, Espainian, Argentinan, Pakistanen eta Uruguain. Pakistango mendebaldean iazko abuztuan 53,5 graduko tenperatura neurtu zuten.

Itsasoak

Itsasoko uraren tenperatura 2016koa baino pixkat hotzagoa izan bada ere, azken hiru urteak inoiz neurtutako beroenak izan dira. 2000. urtetik, batez beste, 0,17 gradu berotu dira munduko itsasoak hamarkadako. Itsasoen gainaldeak (700 metroko sakonerara arte) beroa pilatzen jarraitu du. Kontuan hartu behar da itsasoek xurgatzen dutela berotegi efektuko gasen ondoriozko beroaren %90a. %1a atmosferara doa eta gainerakoa lurraren eta izotzaren artean banatzen da.

Hortik gertatzen ari da koralen zuritze prozesua. 2014ko maiatzetik 2017ra sekula ikusi gabeko heriotza gertatzen ari da ozeano Atlantikoko, Pazifikoko eta Indiarreko koraletan. Zenbait koraletan ia osorik hil dira. Itsasoen mailari buruz ere, beste errekor bat atzeman dute Amerikako ikerketa zentroek. Hamarkada bakoitzeko 3,1 zentimetro ari da igotzen itsasoaren maila, eta dagoeneko 7,7 zentimetro garaiagoa da 1993an baino.

Ipar eta hego poloak

Urte latza izan da munduko bi muturretan ere, ipar eta hego poloetan hain zuzen ere. Artikoan lurreko tenperatura 1,6 gradu beroagoa izan da 1981-2010eko aldiko batez bestekoa baino. Izotzaren gehieneko pilaketaren atzerapena inoiz baino goizago hasi zen, martxoaren hasieran, eta satelitez jarraitutako aldian (1980tik) inoizko ahulena izan da. Izotzaren gutxieneko hedadura (irailean) aipatutako erreferentziako urteetan baino %25 txikiagoa izan zen. Antartidan ere antzeko prozesuak sumatu dituzte zientzialariek, eta izotzaren hedadura azken hiru hamarkadetako txikiena izan da.

Muturreko fenomenoak

Muturreko fenomeno meteorologikoak —lehorteak eta uholdeak— ohi baino sarriago gertatu ziren 2017an. Uholdeek eragin handia eduki zuten Indian, Venezuelan eta Nigerian eta muturreko lehorteek kalte handiak eragin zituzten Hego Amerikan, Afrikan, Indian, Txinan, Errusian eta Australian. Lehorte egoera horiek, besteak beste, suteak erraztu dituzte AEBetan, Espainian eta Portugalen.

Urakanak

85 zikloi tropikal atzeman zituzten 2017an, 1981-2010eko aldian urtero izaten diren batez besteko kopurutik gora: 82. Ipar Atlantikoak nozitu ditu jarduera ziklonikoaren ondoriorik larrienak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna