Langabezia

Gora egin du langabe kopuruak Hego Euskal Herrian

Behera egin du Gizarte Segurantzan afiliatuta daudenen kopuruak; 5.437 gutxiago dira ekainaz geroztik.

Aritz Loiola/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abuztuak 2

Ez dira onak uztaileko datuak. Aurreko hilabetearekin alderatuta 1.087 langabe gehiago daude hegoaldeko lau lurraldeetan, eta aldi berean, behera egin dute Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenek. Ordea, eta Gizarte Segurantzari dagokionez, aurreko urteko uztailari begiratuz gero, nabarmen baikorragoan dira datuak: iazko uztailean baino 27.783 kotizatzaile gehiago daude. Adin tarteari eta gizon eta emakumeen arteko aldeari dagokionez, beste behin, handiagoa da langabe kopurua 25 urteko emakumeen artean.

Lurraldeka, berriz, azken hilabetean Araban soilik egin du behera langabe kopuruak; 11 langabe gutxiago daude ekainetik. Aldiz, gora egin du gainontzekoetan. Nafarroan hazi da gehien langabezia, %1,61eko igoerarekin. Hala ere, oso bestelakoa da argazkia iazko uztailarekin alderatzen badugu, izan ere, ordutik nabarmen jaitsi da langabe kopurua.

Langabezia datuak jakin berritan hitz egin du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak. Uztaileko datuak "gazi-gozoak" direla adierazi du langabezia igo delako, hala ere gaineratu du krisi aurreko garaietako joera zela uda sasoian langabezia igotzea. "Lan merkatua hobetzen ari da, ez arlo kuantitatiboan solik, baita kualitatiboan ere, epe luzeko lagabezia jaisten ari delako eta epe motzekoa igotzen", gaineratu du Artolazabalek.

Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariordeak adierazi du uztaila langabezia datuetan "txarra" izan bada ere urteko datuak "onak" direla. Uztaileko datuak negatiboak diren arren, langabezia datuak aurreko urtearekin alderatuz jeisten ari direla nabarmendu du. Gaineratu du aurreko urtearekin alderatuz langabezia tasa beherantz doala eta hori positiboa dela.

ELA sindikatuaren iritziz, berriz, "onartezinak" dira uztailleko langabezia datuak. Prekarietateak gora jarraitzen duela ohartarazi du sindikatuak, eta langabeen egoera "gero eta okerragoa" dela nabarmendu du.

Datuak:

Araba: 19.576 langabe. Ekainarekiko: -111 (%-0,56). Iazko uztailarekiko: -1.619 (%-7,64).

Bizkaia: 69.955 langabe. Ekainarekiko: 518 (%0,75). Iazko uztailarekiko: -5.579(%-7,39).

Gipuzkoa: 31.526 langabe. Ekainarekiko: 165 (%0,53). Iazko uztailarekiko: -2.617 (%-7,66).

Nafarroa: 32.569 langabe. Ekainarekiko: 515 (%1,61). Iazko uztailarekiko: -3.564 (%-9,86).

Hego Euskal Herria: 153.626 langabe. Ekainarekiko: 1.087. Iazko uztailarekiko: -13.379.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna