Tortura

Sanchez Corbi Guardia Zibileko koronelburua kargutik kendu du Grande-Marlaskak

Harenganako konfiantza galdu duela adierazi du Espainiako Barne Ministerioak. Kepa Urra torturatzeagatik kondenatua izan zen 1997an.

Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibileko UCO Unitate Nagusi Operatiboko koronel buru ohia, artxiboko irudi batean. /
Manuel Sanchez Corbi Guardia Zibileko UCO Unitate Nagusi Operatiboko koronel buru ohia, artxiboko irudi batean. / Emilio Naranjo/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko abuztuak 2

Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuen Bizkaiko Auzitegiak Sanchez Corbi, 1997an. Lau urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zizkion. Kondena, baina, ez zen eragozpen izan Sanchez Corbi Guardia Zibileko UCOko koronelburu izendatzeko, Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) indultatu egin baitzuen 1999an. Aginte kargu horretan egon da gaur arte. Izan ere, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargutik kentzea erabaki du, harengan zuen konfiantza galdu egin duela eta.

Sanchez Corbik joan den astean hartutako erabakiak eragin du Espainiako Gobernuaren konfiantza galtze hori. Koronel ohiak haren ardurapeko unitatearen jarduna behin-behinean etetea agindu zuen, Erreserbatutako Gastuen Funtsean baliabiderik ez zela argudiatuta. Europa Press berri agentziak Barne Ministerioko iturriak aipatuta adierazi du erabakiak arriskuan jarri zituela abian ziren hainbat polizia operazio.

Iturri horien arabera, Barne Ministerioak ez ditu UCOrentzako baliabideak bertan behera utzi. Aldiz, gastuen "azterketa" egiten ari zen, bideratutako diru kopuruak nola erabiltzen ari ziren argitzeko.

Sanchez Corbi, torturengatik kondenatua izan ondoren, Guardia Zibileko goi kargu izendatu izanak kontrako erreakzioak eragin zituen Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean. Koronel ohia Espainiako Kongresuan izan zen 2017ko azaroan, PPren finantzaketa ikertzeko batzordean. Kepa Urraren torturen kondena gogorarazi zion Oskar Matute EH Bilduko diputatuak. Sanchez Corbik ez zion erantzun.

EAJk, berriz, kargu hartu zion Mariano Rajoyren gobernuari (PP) Sanchez Corbi koronel buru mantentzeagatik, guardia zibilak EAJren kontrako adierazpenak egin berri zituenean. Koronel ohiak Odola, izerdia eta bakea liburua aurkezteko egin zuen elkarrizketa batean adierazi zuen "ETAkoak, Batasunakoak, EAJkoak eta euskal Eliza" zirela ETAren kontrako borrokan "gaiztoak". Horrez gainera, ziurtatu zuen gerra zikinak ez zuela izan "horrenbesteko garrantzirik", eta EAJk ez zuela ETAren porrota nahi.

Liburu horretan, Sanchez Corbik kontatu du guardia zibilek familiakoak erabili izan dituztela Frantziako Estatuan egindako ETAren kontrako operazioetan.

Sanchez Corbirekin batera, beste hiru guardia zibil inputatu zituzten Kepa Urra torturatzea leporatuta. Horien artean, Diego Perez de los Cobos. Azken hori izan zen Kataluniako urriaren 1eko erreferenduma eragozteko operazioan Espainiako Gobernuak segurtasun indarren koordinaziorako izendatu zuen arduraduna.

Kepa Urra torturatua izan ondoren ospitalean zela, hari "bisita egitera" joan zitzaizkion Perez de los Cobos eta Alejandro Hernandez Mosquera auzipetutako beste guardia zibiletako bat.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna