Dantza

Euskal Herriko sei konpainiak hartuko dute parte munduko dantza garaikideko azoka nagusian

Internationale Tanzmesse azokaren 12. edizioan parte hartuko dute, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearen elkarlanari esker. Kukai dantza konpainiaren Oskara eta Jone San Martinen Atlas I / Any Body Sounds lanak jaialdiaren programan hautatu dituzte.

Kukai dantza konpainiak 2016an estreinatu zuen 'Oskara' ikuskizunak inauguratuko du jaialdia. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 2a
08:26
Entzun

Bi urtean behin egiten da Internationale Tanzmesse azoka, Alemaniako Dusseldorf hirian. Aurten, abuztuaren 29tik irailaren 1era egingo dute, eta euskal dantzak presentzia bateratua izango du, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak gune bat izango dutelako bigarrenez, Basque Dance markapean. Bertan egongo dira Dantzaz konpainia, Igor and Moreno, Jone San Martin, Kukai dantza konpainia, La Glo Zirko eta Lokke / Olatz de Andres.

50 herrialdetik gorako 1.500 profesional elkartuko dira Tanzmessen, dantza garaikidearen alorreko profesionalen bilkura handienean: dantzariak, koreografoak, agentziak, banatzaileak... Laura Martin Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko kideak azpimarratu du harremanak sortzeko eta indartzeko aukera eskaintzen duela azokak, "lanbide osoaren topaketa" baita. Haren ustez "barometro ona" da azoka, munduko beste tokietan zer egiten den ikusteko.

Azoka izateaz gain, jaialdia ere bada Tanzmessen, "erakusleihoa", Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren hitzetan. Konpainiek eta sortzaileek euren lanak hiriko agertoki onenetan aurkezteko aukera dute, eta Euskal Herriko bi proiektu aukeratu ditu jaialdiak bere programazioan: Kukai dantza konpainiaren Oskara eta Jone San Martinen Atlas I / Any Body Sounds.

Jon Maia Kukai dantza konpainiako kidearen ustean, "ez da kasualitatea" Euskal Herriko hainbat proiektu egotea azokan, bertako sortzaileek "maila handiko lanak" egiten baitituzte urte osoan. Euskal artistak jaialdi askotan aritzen direla aldarrikatu du, era askotako proposamenekin. Kukai konpainiak, gainera, jaialdiaren inaugurazioan eskainiko du Oskara ikuskizuna. 2016ko urtarrilean estreinatu zuten, eta lasai doaz Dusseldorfera, jendaurrean makina bat aldiz egin dutelako dagoeneko. "Nazioarteratze prozesuan" harrapatu ditu jaialdiak, Maiak esan duenez, eta aukera baliatuko dute, datorren denboraldiari begira, haien lana erakutsi eta harremanak sendotzeko.

Bestalde, Jone San Martinek garapen prozesuan duen lan bat aurkeztuko du Tanzmessen: Atlas I / Any Body Sounds. Izan ere, San Martinek azaldu du jaialdiak baduela Open studios izeneko sail bat, eta oraindik burutu gabe dauden lanen 20 minutuko erakustaldiak egingo dira bertan. Abuztuaren 30ean arituko da jaialdian, baina obra ez da urriaren 6 edo 7ra arte estreinatuko. Gorputzaren eta soinuaren arteko harremanean sakondu nahi izan du lanean; "dantzariaren barne ahotsa" izango da protagonista. Emanuele Soavi dantzari eta koreografo italiarrarekin eta Mikel R. Nieto soinu artista donostiarrarekin batera ari da egiten proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.