Pilota

Mikel Goñi pilotari ohia espetxean sartu dute, zortzi urteko zigorra bete dezan

'Diario de Noticias' egunkariak jakinarazi duenez, Goñi asteazkenean sartu zuten Iruñeko kartzelan. Epaitegi batek zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxealdira zigortu zuen, bi pertsona legez kanpo bahitzeagatik, mehatxatzeagatik eta "objektu arriskutsu" batekin lesioak eragiteagatik.

2018ko abuztuaren 3a
17:17
Entzun

Mikel Goñi pilotari ohia espetxean da joan den asteazkenaz geroztik, Diario de Noticias egunkariak argitaratu duenez. 41 urteko pilotari baztandarra Iruñeko espetxean da, eta zortzi urte eta hiru hilabeteko zigorra bete beharko du, Nafarroako Auzitegiak haren kontrako ebazpena berretsi ostean.

Iruñeko 3. Zigor Epaitegiak frogatutzat jo zuen Goñik bi pertsona legez kanpo bahitu zituela, mehatxu egin ziela eta "objektu arriskutsu" batekin lesioak eragin zizkiela. Pilotari ohiak helegitea jarri zuen ebazpenaren kontra, baina Nafarroako Auzitegiak baztertu egin du.

Epaileek ebatzi dutenez, Goñik marihuana zuen pertsona bati alokatutako etxean, eta, marihuana hori lapurtu izana leporatuta, pilotari ohiak eta beste batek etxean bizi zena eta haren gertuko bat bahitu zituzten. Bahiketak iraun zuen denboran, Goñik hainbat heriotza mehatxu egin zizkien, eta bihurkin batekin lesioak eragin. Akusazioak hamabi urteko zigorra eskatu zuen. Pilotari ohiak, ordea, salaketa guztiak ukatu zituen. Azkenean, epaileak zortzi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio. Hala ere, Goñik badu oraindik aukera helegitea aurkeztu eta kartzela saihesteko. 

Goñi oso gaztetatik nabarmendu zen pilotan, eta, hala, 1996an, Aspe enpresak profesionaletan debuta egiteko aukera eman zion, 18 urte zituela. Partida bikainak partida eskasekin tartekatu zituen hainbat urtez, 2002an Aspek drogak kontsumitzeagatik lehiaketatik kanpo utzi zuen arte. Pilotalekuetara itzuli zen gero, baina 2009an behin betiko utzi zuen Aspe, eta, bide batez, goi mailako lehiaketa. Orduz geroztik, Garfe enpresarekin aritu da jokatzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.