Lan gatazka

Gipuzkoako hondartzetako sorosleek greba mugagabea hasiko dute abuztuaren 14an

ELA sindikatuak deitu ditu grebara sorosleak. Uztailaren 29tik 31ra ere greba egin zuten.

Hondartzetako sorosleek Donostian egindako protesta./
Hondartzetako sorosleek Donostian egindako protesta./ Juan Carlos Ruiz/Foku

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 3

Hiru hilabetez Gurutze Gorriarekin negoziatu ondoren, Gipuzkoako sorosleek atzo erabaki zuten greba mugagabea egitea. Abuztuaren 14an hasiko dira greban, ELAk deituta. Gurutze Gorriak kudeatzen ditu hondartza guztietako zerbitzuak, tokian tokiko udalak azpikontratatuta.

Lan baldintzak hobetuko eta bermatuko dituen hitzarmen bat nahi dute hondartzetako sorosleek, eta hitzarmen horretan euren baldintzak, gutxienez, igerilekuetako sorosleen parekoak izatea. Bertzeak bertze, soldata igotzea eta ordutegi malguagoa eskatzen dituzte.

ELAk salatu du uztailean egindako greban Eusko Jaurlaritzak %80ko zerbitzu minimoak ezarri zituela. Sindikatuaren arabera, neurri horrek grebaren eragina "zapuztu" du. Hondartza askotan ohiko zerbitzua egotea eta jendea grebaz ez jabetzea ekarri du, ELAren arabera.

Iazko udan hasi ziren sorosleak Gurutze Gorriko langile batzordearekin hizketan. Erantzuna ona izan ez, eta irailean ELA sindikatuarengana jo zuten babes bila. Neguan auzia landu eta akordiorik lortu ez dutenez, greba egitea beste irtenbiderik ez zegola diote sorosleek. Gurutze Gorriarekin ez ezik, udalekin ere kritiko dira. Salatu dute udalek lan baldintzen berri badute ere ez dutela ezer egiten baldintza horiek hobetzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna