euskal presoak

Presoen auzian "koherentea" izateko eskatu dio Sanchezek Casadori

Espainiako Gobernuko presidenteak PPko buruari esan dio "estatuko oposizioa" egin behar dela hainbat gaitan; besteak beste, presoenean.

Pedro Sanchez, ministroen kontseilu osteko agerraldian.
Pedro Sanchez, ministroen kontseilu osteko agerraldian. Emilio Naranjo / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 3

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pablo Casado PPko lehendakari izendatu berria atzo arratsaldean batzartu ziren Moncloan. Bilera amaitu ostean, agerraldi bat egin zuen Casadok, eta, besteak beste, euskal presoei bestelako espetxe politika bat ezartzeko aukera izan zuen hizpide.

Zehazki, esan zuen PPk ez duela "onartuko" ezein preso Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea: "Gure oposizioa erabatekoa da". Gainera, iragarri zuen PPk "memoria, duintasun eta justizia lege bat" aurkeztuko duela "terroristak goratzea galarazteko".

Casadoren oharraz galdetu diote gaur Sanchezi, ministroen kontseilu osteko agerraldian. Azpimarratu du zenbait gaitan "estatu oposizioa" egin beharra dagoela, eta berariaz aipatu ditu Kataluniako auzia, immigrazioarena eta "ETArena eta presoena".

"Casadori eskatzen diot koherente izateko bere alderdiak orain arte eginikoarekin gobernuan egon denean. Eta hor geratuko naiz", esan du Sanchezek.

Elkarretaratzeak hondartzetan

Bestalde, Etxerat elkarteak elkarretaratzeak antolatu ditu astebururako hainbat hondartzatan, bestelako espetxe politika bat ezar dadila eskatzeko. Larunbatean, Plentzian elkartuko dira, 12:30ean.

Igandean egingo dituzte mobilizazio gehienak: Bizkaian, Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu (Mundaka), Lekeitio eta Ondarroan, 12:00etan; Bakion 12:30etan; eta Ean 13:00etan. Gipuzkoan, Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, 12:00etan; Mutrikun 12:30ean. Eta Lapurdin, Hendaian, 12:00etan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna