Venezuela

Sei "terrorista" atxilotu dituzte Venezuelan, Maduroren kontrako erasoarekin lotuta

Venezuelako presidenteari lehergailuz hornitutako dronekin egin zioten eraso, larunbatean. Militarrek leialtasuna adierazi diote.

Maduroren kontrako erasoko leherketaren unea, Venezuleako presidentea Caracasen hitzaldia ematen ari zenean. /
Maduroren kontrako erasoko leherketaren unea, Venezuleako presidentea Caracasen hitzaldia ematen ari zenean. / Venevision

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko abuztuak 6

Sei "terrorista" atxilotu dituzte Venezuelako segurtasun indarrek, joan den larunbatean Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak jasan duen erasoarekin lotura dutelakoan. Nestor Reverol herrialdeko Barne ministroak azaldu duenez, hainbat hoteletan egindako miaketetan "froga oso garrantzitsuak" atzeman dituzte.

Jorge Arreaza Venezuelako kantzilerraren esanetan, erasotzaileek zerikusi zuzena dute Oscar Perez polizia ohiak zuzentzen zuen talde armatuaren hondarrekin. "Zelula desegin zenean, hainbat ordutako negoziazioaren eta halabeharrezko gatazkaren ondoren, zenbait gobernuk elkartasuna adierazi zieten terroristei eta zenbait presidentek legez kanpoko exekuzioa izan zela ere esan zuten; ikusi orain ondorioak zein diren", adierazi du Arreazak.

Maduroren kontrako erasoa larunbat arratsaldean gertatu zen, Guardia Nazional Bolibarraren ospakizun ekitaldi batean, presidentea militarren aurrean hitzaldia ematen ari zenean. Lehergailuz hornitutako bi dronek eztanda egin zuten eta zazpi soldadu zauritu zituzten, datu ofizialen arabera.

Madurok Venezuelako eta Kolonbiako ultraeskuinari leporatu dio erasoa eta haren atzean Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiaren "eskua" dagoela ziurtatu du. Horrez gain, erasoaren egile intelektualak eta erasoa finantzatu dutenak Floridan daudela gaineratu du. Hori dela eta, Donald Trump AEBetako presidenteari zuzendu zaio. Madurok Trumpi eskatu dio "talde terroristei" aurre egin diezaiela. Erasoa Franelazko Soldaduak izeneko taldeak hartu du bere gain.

Reverol Barne ministroak adierazi duenez, ikerketan bildutako zantzuek frogarzen dute atentatua "terrorismo delitua eta zapuztutako magnizidioa" izan dela. "Terrorista eta sikario horiek indarkeria espiralean sakondu dute", nabarmendu du.

Reverolen esanetan, Maduroren segurtasunaz arduratzen den Ohorezko Guardiaren "teknika bereziek" eta seinale inhibitzaileek zapuztu dute erasoa, dronak nahasi eta erasotzaileek aurreikusitako perimetrotik kanpo leherrerazi baitzituzten.

Santos Kolonbiako presidente ohiak ukatu egin du Maduroren kontrako erasoarekin inolako zerikusirik duenik. Venezuelako oposizioak ere gobernuaren erreakzioa gaitzetsi du, eta hari leporatu dio oposizioari era arduragabean erasotzea, arreta herrialdearen "egiazko arazotik" desbideratzeko: "giza hondamenditik".

Venezuelako militarrek "leialtasun mugagabea" adierazi diote Madurori, eta ohartarazi dute ez dutela onartuko herrialdeko "subiranotasuna urratzea". Adierazpen batean ziurtatu dute erasoa "desegonkortasuna eragiteko planen parte" dela. Gaineratu dutenez, militarrek ez dute babestuko "bide demokratikoetatik kanpo" boterea hartzen saiatzen den gobernurik. "Gisa honetako ekintza kriminalak egiten dituen edozein taldek gure erantzun irmoa jasoko du".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna