Etxebizitza

Etxeen salmenta %7,7 handitu da urtearen lehen erdian Hego Euskal Herrian

Saldutako etxebizitzen %20 dira berriak, eta %11 dira babes ofizialekoak.

Hainbat etxebizitza eraikin, Donostian. /
Hainbat etxebizitza eraikin, Donostian. / Jon Urbe/Foku

Iker Aranburu -

2018ko abuztuak 7

INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, urtarriletik ekainera 13.146 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, 2017ko epe horretan baino %7,7 gehiago. Batez ere Araban gehitu dira salmentak (+%31,3). Gora egin du merkatuak Nafarroan (+9,4) eta Bizkaian ere (+%6). Gipuzkoan, ordea, %1,9 jaitsi dira salerosketak.

Etxebizitzen salerosketa bizkortu egin zen mendearen hasieran, eta 2007an jo zuen goia. Urte hartan, 35.753 etxebizitza saldu ziren lau lurraldeetan. Baina, 2008an, krisiaren lehen aztarnak agertu ahala, adreiluaren sukarra arintzen hasi zen, eta merkatuak erorialdi izugarri bat izan zuen. 2013an jo zuen behea, 14.667 etxe baizik ez baitziren jabez aldatu. Hau da, %70 apaldu ziren salerosketak.

2014an hasi zen suspertzen etxebizitzen merkatua, ekonomiak oro har izan zuen bilakaera positiboarekin. 2013tik 2016ra bi digituko igoera izan zuen urtero salmentak, maila oso txikietatik abiatzen zelako, eta, hazkunde ekonomikoa itzuli ahala, badaezpada ere etxea erosteko erabakia atzeratu zuten asko merkatura itzuli zirelako. 2017an, %6,9 handitu ziren salerosketak, eta antzeko hazkunde erritmoari eusten diote aurten.

Berriak, %20

Saltzen diren bost etxetik lau bigarren eskukoak dira. Krisiak garabiak geratu zituen, eta, azken urteetan, etxebizitza berrien eraikuntza askoz motelagoa da 2007 baino lehenagoko aldiaren konparatuz gero —urte hartan, saldutako etxeen %47 izan ziren egin berriak—. Eta eraikitzen ez dena, ezin da saldu. Egia da, ordea, etxebizitza berrien salmenta merkatu osoarena baino gehiago handitu dela aurtengo lehen erdian (+%10,4).

Aurrekoarekin lotutako beste datu bat ere eman du gaur INEk: babestutako 1.433 etxebizitza salerosi dira urtarriletik ekainera, iaz epe horretan baino 66 gehiago (+%4,8). Ozta-ozta iritsi dira %11 izatera.

Prezioak ere, gora

Etxebizitzen eskaria eta salerosketa handitu ahala, handitzen ari da haien prezioa ere. Irailaren hasieran emango du INEk urte erdiari dagokion datua. Lehen hiruhilekokoa da azkena, eta horretan ikusten da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,1 handitu zirela prezioak 2017ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Motelago doaz salneurriak Nafarroan, %2,1 handitu baitira urtebetean.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna