Kirola

Erremonte txapelketa


Buruz Burukoa

Urrizak bere seigarren txapela nahi du

Aurtengo Buruz Buruko Erremonte Txapelketa Nagusia-Kutxabank Torneoak joan den urteko formatu bera izango du.

Barrenetxea, Arrizabalaga, Gonzalez, Urriza eta Azpiroz
Barrenetxea, Arrizabalaga, Gonzalez, Urriza eta Azpiroz Maialen Andres

Iñigo Goñi Iradi -

2018ko abuztuak 7

Galarreta frontoian aurkeztu da Buruz Buruko 36. Erremonte Txapelketa-Kutxabank 2018: txapelketa bera, egutegia eta nondik norakoak. Bertan egon ziren Urriza, Barrenetxea IV.a eta Azpiroz erremontistak, Oriamendi 2010eko kudeatzailea, Arrate Arrizabalaga Kutxabankeko arduraduna eta Oihane Mateos kazetaria, aurkezle lanetan.

Azpirozek arratsaldean jokatu du Endikaren aurka, eta, 30-25 galdu eta gero, orain ligaxkara sailkatuko den azken pilotaria zein izango den bakarrik falta da. Hori ostegunean jakingo da, Endika eta Ezkurra II.aren arteko partidan. Irabazleak ligaxkara sailkatzea lortuko du, eta bertan Urriza, Uterga eta Barrenetxea IV.a aurkituko ditu.

Ligaxkako irabazlea irailaren 8ko finalerako sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute irailaren 1ean, eta laugarrena kanporatua izango da. 

Ligaxkan, puntuaketa sistema erabiliko da. Partiden irabazleek lau puntu gehituko dituzte; 27-29 tanto artean egiten dituenak bi puntu gehituko ditu; 24-26 tanto artean lortzen dituenak bakarra, eta 24 baino tanto gutxiago egiten dituenak punturik ez. 

Berdinketa baldin dago, beraien arteko partidaren irabazlea geratuko da aurretik; hiruko berdinketa badago, tanteo orokorra hartuko da kontuan.

Ligaxka abuztuaren 11n hasiko da, eta abuztuaren 28an amaituko da. Partida guztiak 30era jokatuko dira, eta jaialdiak 16:00etan hasiko dira. 

Javier Urrizak irabazi zuen aurreko urtean Txapeketa Nagusia, finalean Utergari 30-19 irabazi eta gero. Bere bosgarren txapela lortu zuen, eta Matxin II.a pasatu zuen palmaresean. Aurten bere seigarrenaren bila ibiliko da. Begirada guztiak bere gain edukiko ditu, eta "ilusio handiz" ekingo dio txapelaren defentsari. "Gazteak indartsu datoz, eta urtetik urtera gero eta zailagoa izango da. Txapelketarik gogorrena izaten da, eta, pasa den urtean, Ezkurra II.ak erakutsi zuen indartsu datozela gazteak". Larunbatean hasiko du lehia Urrizak, Utergaren aurka. Pasa den urteko finaleko partida bera da, eta, Urrizaren ustez, garrantzitsua da "ongi errekuperatzea". 

Datorren asteartean egingo du debuta Barrenetxeak, Endika edo Ezkurra II.aren kontra. Hernaniko atzelariaren hitzetan, "aurreko urtean lesio batetik irten berri nintzen, eta ez negoen sasoirik hoberenean. Urrizari eta Utergari gailentzea dut helburu. Oso zaila da irabaztea, baina zuloak bilatu nituen aurreko urtean. Ligaxka irabaztea garrantzitsua izan daiteke, fresko iristeko finalera. Atsedenerako eta prestatzeko egun gehiago egongo dira". Partidak larunbatetan eta astearteetan jokatuko dira.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna