Kolonbia

Bake akordioak moldatuko dituela berretsi du Duquek kargua hartzerakoan

Droga trafikoa eta bahiketak ez direla "delitu politikoak" ohartarazi, eta gerrillari ohiek kartzela zigorra betetzearen alde agertu da estatuburu berria. Horretaz gain, Duquek iragarri du ELNrekin hasitako elkarrizketei eutsiko diela, baldin eta haiek nazioarteko begiraleak onartzen badituzte.

Juan Manuel Santos presidente ohia, Ivan Duque estatuburu berriari harrera egiten. /
Juan Manuel Santos presidente ohia, Ivan Duque estatuburu berriari harrera egiten. / EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abuztuak 8

Batasunaren aldeko hitzak izan ziren nagusi Ivan Duqueren kargu hartze ekitaldian. Kolonbiako 60. presidenteak kanpainan iragarritakoari eutsi eta berretsi du aldaketak egingo dizkiola FARCekin hitzartutako akordioari. "Argi utzi behar dugu gure Konstituzioan droga trafikoa eta bahiketak ez daudela delitu politikoei lotuta" esanez ohartarazi du ez duela onartuko gerrillari ohiek "zigor alternatiboak" betetzea, Bakerako Jurisdikzio Bereziak jasotzen duen moduan. 

Estatuburuak gogorarazi du azken urte eta erdian 300 buruzagi hil dituztela. "Aurrera egin nahi dugu, baina Kolonbiakoherriak ez du inartuko indarkeria erabiltzea Gobernuari presio egiteko", adierazi du gobernuburu berriak, eta iragarri du ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin hasitako elkarrizketak berrikusi eta bultzatuko dituela, baldin eta gerrillariek nazioarteko bitartekaritza onartu eta indarkeria baztertzen badute.

"Gaur belaunaldi berri bat helduda Kolonbiara, gorroto, mendeku eta zikoizkeriarik gabe agintzeko prest dagoena", esanez baretu nahi izan zituen Duquek orain arteko estatuburuaren aldekoak. Hala, soslai teknokrata eta gaztea duen gobernua osatu du estatuburuak. Lehen aldiz, gainera, emakumezko bat izango da presidenteorde, Marta Lucia Ramirez.

Uriberi omenaldia

Askoz ere gogorragoa izan da Kongresuko presidente eta Duqueren alderdikide Ernesto Maciasen hitzaldia. Alvaro Uribe presidente ohia "Kolonbiako politikagintzaren historiako handiena" dela adierazi ostean, Maciasek "herrialdea hondoratu" izana egotzi zion Juan Manuel Santos presidente ohiari eta baita ehundik gora buruzagiren heriotzaren erantzule izatea ere, Uribek ezarritako "segurtasun demokratikorako legedia" bertan behera utzi izanagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna