EUSKAL PRESOAK

Lozak esan du uda amaitu aurretik preso gehiago gerturatu litzaketela

Langraiz bidea izan zenaren antzeko bat martxan jarriko dutela adierazi du Espainiako Gobernuko ordezkariak.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkaria, ekainean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA /FOKU
2018ko abuztuaren 8a
09:32
Entzun

Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo euskal presoak, hirugarren gradua jarri, eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten atzo. Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak adierazi du uda amaitu aurretik balitekeela preso gehiago gerturatzea. Espetxe politika berria martxan jartzeko bidea izan daitekeela esan du Lozak, baina uste du presoek "autokritika" egin behar dutela. Langraiz bidearen antza izango duen prozedura bat martxan jarriko dutela azaldu du.

Lozaren esanetan, "gizarteratzea babestea" da egokiena, eta argitu du ez dela "erabaki politiko" bat izan, legea betetzea baizik. Sanz eta Moreno EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aldenduta daude, eta berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, idatzi bat sinatu zuten bortxaren erabilera arbuiatu eta barkamena eskatuz. Lozaren arabera, Basauriko espetxera gerturatu berri dituzten bi presoak "bidearen eredu" dira, eta gainontzeko presoei eta ezker abertzaleari "autokritika" egiteko eskatu die.

EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkideak, ordea, adierazi du Espainiako Gobernuak "legea bete besterik" ez duela egin behar eta barkamena eskatzea ez dagoela lege horietan jasota; hori "hautu pertsonala" da, Agirreren iritziz. Azaldu du "aspaldi" eman behar ziren pausoak ematen hasi dela Madril, baina oraindik hitzez haratago mugimendu gutxi egon direla. Agirrerentzat, gerturatzeak giza eskubideen kontua dira eta bermatu egin behar dira.

Carlos Iturgaitz PPko eurodiputatuak, berriz, kritikatu du Sanz eta Moreno presoak ez direla berekin harremanetan jarri barkamena eskatzeko —bien aurkako akusazioetako bat zen Iturgaitzen aurkako atentatu bat egiten saiatu izana—. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari gutun bat idatzi dio, eta bertan azaldu du bere desadostasuna. Iturgaitzen iritziz, Pedro Sanchezek gerturatzeak bera babestu zuten alderdiak "saritzeko" egin ditu. Marta Gonzalez PPko Komunikazio idazkariordeak berdin pentsatzen du; azaldu du PSOEk EAJrekin dituen "interesengatik" egin duela.

Meritxell Batet Espainiako Lurralde Politikako ministroak ere hitz egin du. Presoak gerturatzeko pausoa "objektiboa" izan dela esan du, legez hori zegokielako. Halere, uste du zerbait "puntuala" dela eta biktimak babesten jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.