Iruñeko gaztetxea

Maravillas gaztetxea "erabateko enfrentamendua" bilatzen ari dela salatu du Solanak

Nafarroako Gobernuko bozeramailearen esanetan, gaztetxeko ordezkarien jarrerak "ez du elkar ulertzeko tarte handirik uzten". Eztabaidak "beste tonu bat" eskatzen duela adierazi du, eta elkarrizketarako borondatea azaldu.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. EFE
2018ko abuztuaren 8a
20:16
Entzun

Maravillas gaztetxeko kideek eraikin okupatua ez husteko eskatu zioten atzo Geroa Bairi. Horrez gain, gaztetxeko bost kide ikertuei akusazioa kentzea galdegin zuten. Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak erantzun die gaur gaztetxeko ordezkariei, Ser irratian egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, eraikin okupatuaren gaineko eztabaidak "beste tonu bat" behar du, eta gaztetxeko kideei leporatu die "erabateko enfrentamendu" jarrera izatea gobernuarekin. "Badirudi ez dela tarte handirik utzi ustez lortu nahi den elkar ulertzerako". Dena den, hitz egiteko prestasuna berretsi du, eta ziurtatu du gobernua harremanetan egon dela gaztetxearekin.

Solanak gaineratu du "beste gauza batzuk egiteko espazioa nahi duten" elkarte eta gazte talde gehiagoren iritziak ere entzun nahiko lituzkeela. "Ezin da helburu batekin aurrera egin beste batzuen beharrak arriskuan jarriz".

Gobernuko bozeramailearen esanetan, Maravillas gaztetxeko kideen kritikak "ez datoz bat errealitatearekin". Gogorarazi duenez, Konpainia kalean zegoen gaztetxearen hustea kudeatu zuen gobernuak, eta nabarmendu du "bitartekaritza, negoziazioa eta irtenbide arrazoitu eta arrazoizkoa" izan zela orduan.

Ildo horretan, Solanak aurreratu du egungo gaztetxea hustu egingo dela ziurrenik, "baina ez aurrez pentsatzen den giroan". "Hala ez izatea espero dut", adierazi du. "Zer urrats egin aztertuz joango gara, eta erarik onenean ematen saiatuko gara, interes orokorra defendatuz, eta inorentzako desiragarriak ez diren ondorioak saihestuz".

Gaztetxeko kideak espazio publiko bat legez kanpo okupatzen ari direla ziurtatu du gobernuko bozeramaileak. "Nafarroako Gobernuak ez dio muzin egingo legea betetzeari, Iruñeko Udalak gune horren erabilera neurri batean ordenatzeko beharrezko neurriak hartu dituen bezala".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.