Indarkeria matxista

Bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen, emakume bati ukituak egiteagatik bata, eta beste bat jotzeagatik bestea

Astearte gauean izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute 13:00etan, Plaza Berrian, Gasteizko Udalak deituta.

Gasteizko jaietan gertatu diren sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. /
Gasteizko jaietan gertatu diren sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea, gaur, Gasteizko Plaza Berrian. / Endika Portillo/Foku

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 9

47 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizean, Gasteizen, emakume bati ukituak egitea egotzita. Goizeko zazpietan gertatu da erasoa, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalean. Emakumeak salaketan zehaztu duenez, gizonezkoa bi emakumerengana hurbildu, eta haiei jarraitzen eta jazartzen hasi da. Emakumeak taberna batean sartu dira babesteko asmoz, eta orduan egin dizkio ukituak erasotzaileak bietako bati.

Erasota egin dioten emakumeak ihes egitea lortu du, eta Ertzaintzari abisu eman dio. Ertzaintzak erasoa gertatu den lekuan bertan atzeman du erasotzailea. Ikerketa bukatu ostean, epailearen aurretik igaroko da atxilotua.

Beste atxilotu bat ere izan da hirian, indarkeria matxistarekin lotuta. 26 urteko gizonezko bat da atxilotua, eta  bikotekidea jotzea leporatu diote.

Poliziak azaldu duenez, erasoa atzo gertatu zen, 16:00ak baino minutu batzuk lehenago. Dei batek eztabaida gogor bat gertatzen ari zela ohartarazi zuen, eta Polizia eztabaida gertatzen ari zen etxebizitzara joan zen. Orduan, bikotekideak jo egin zuela salatu zuen emakumeak, eta adierazi zuen hura ez zela lehen aldia.

Poliziak unean bertan atxilotu zuen gizonezkoa, eta gaur epailearen esku gelditu da. Emakumea larrialdi zerbitzuek artatau zuten.

Bestalde, astearte gauean izan zen erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdiko ordu batean, Plaza Berrian, Gasteizko Udalak deituta.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna