Iruñeko gaztetxea

Maravillas gaztetxeak salatu du Nafarroako Gobernuak "errepresioaren bidea" hartu duela

Kezka azaldu dute Foruzaingoaren operatibo bat ibili zelako atzo gaztetxe inguruan. Uste dute informazioa biltzen ari zela gaztetxea husteko.

Maravillas gaztetxeko kideak atzo emandako prentsarrekoan./
Maravillas gaztetxeko kideak atzo emandako prentsarrekoan./ Jagoba Manterola/Foku

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 9

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gaztetxea "erabateko enfrentamendu" baten bila ari dela salatu zuen atzo. Maravillas gaztetxeko kideek, ohar bidez, adierazi dute gezurra dela Solanak errandakoa, eta egiaz Nafarroako Gobernuak nahi duela enfretamendua. Gaztetxeak gertatutakoaren bere bertsioa eman du.

Zabaldutako oharrean adierazi duenez, Nafarroako Gobernuaren erantzuna kanporatzearen aldekoa izan da hasieratik: "Bi hilabetez egon ginen mahaian eserita gobernuarekin Maravillas gaztetxea bizirik mantendu zezakeen irtenbidea bilatu nahian". Jasotako eskaintza bakarra, ordea, "alde" egitea eta "sortutako kalteak ordaintzea" izan zen. Gaztetxearen aburuz, ordea ,"20 urtean abandonatuta egon den espazio bat auzotarrentzat irekitzea" ez da kaltea.

Maravillaseko kideek salatu dutenez, gobernuarekin akordiorik lortu ez eta eraikina okupatu ondoren hasitako bide judizialak aurrera jarraitu du. Kaleratzeaz gain, gaztetxeak salatu du gobernua akusazio partikular gisa aurkeztu dela eraikina kautelaz hustea eskatzeko. Horrekin, gaztetxearen arabera, argi ikusten da gobernuak duela "jarrera ofentsiboa", eta ez gaztetxeak.

Gainera, kezka adierazi dute foruzainen hainbat patruila gaztetxera hurbildu zirelako atzo goizean eta helikoptero bat gaztetxeko teilatuko irudiak hartzen hasi zelako. Gaztetxeko kideen iritziz, atzoko operatiboak helburu argia zuen: "Hustea prestatzeko informazio bilketa zuen helburu".

Salatu dutenez, "argi" dago Nafarroako Gobernua dela “errepresioaren bidea” hartu duena. Gaztetxearen aurka jotzen badute, “defendatuko” dutela argi utzi dute.

LABek eta Sortuk gaztetxea ez husteko eskatu diote Geroa Bairi, eta elkartasuna adierazi diete gaztetxeko kideei. Sortuk zabaldutako oharrean idatzi duenez, gaztetxea husten badute "aldaketak galdu eta erregimenak irabaziko du". Gaztetxe eta bertzelako espazio guztietan aldaketaren alde lan egiteko deia egin du alderdi abertzaleak.

LABek, berriz, salatu du Geroa Bairen jarreran "autogestionatutako gazteen proiektuen aurkako gorroto ideologikoa" dagoela. Maravillas gaztetxearen alde mobilizatzeko deia egin die sindikatuak bere langileei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna