Iruñeko gaztetxea

Maravillas gaztetxea husteko eskaria baztertzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari

Atzera egiteko eta orain arteko jarrera zuzentzeko eskatu dio koalizioak Barkosen gobernuari. Ohartarazi du gaztetxearen husteak "arazo larri bat" eragin dezakeela ordena publikoan. PSNk salatu du gaztetxea proiektu "baztertzailea" dela, eta "legez kanpokoa".

Maravillas gaztetxeko ordezkariak, herritar talde batekin batera, joan den asteartean Iruñean egin zuten prentsaurrekoan. /
Maravillas gaztetxeko ordezkariak, herritar talde batekin batera, joan den asteartean Iruñean egin zuten prentsaurrekoan. / Jagoba Manterola/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko abuztuak 10

Azken egunetan, egoera muturrera eramatea eta elkarrizketarako borondaterik ez izatea leporatu diote Nafarroako Gobernuak eta Maravillas gaztetxeko kideek elkarri. Eraikinaren hustea bertan behera uzteko eta gaztetxeko bost kide ikertuei akusazioa kentzeko galdegin zioten gaztetxeko ordezkariek gobernuari, joan den asteartean. Hurrengo egunean erantzun zuen gobernuak. Maria Solana bozeramaileak gaztetxeko kideei leporatu zien gobernuarekin "erabateko enfrentamendua" bilatzea, eta elkarrizketarako prestasuna agertu zuen. Gaztetxeak ukatu egin du gobernuak hitz egitearen aldeko jarrera duenik eta "errepresioaren bidea" hautatzea egotzi dio. EH Bilduk ere gobernuaren jarrera kritikatu du, gaur: atzera egiteko eta eraikina husteko eskaria erretiratzeko eskatu dio.

Gaztexea hustuz gero, ordena publikoan "arazo larri bat" sortuko dela ohartarazi du EH Bilduk. Bakartxo Ruiz koalizioko parlamentariaren esanetan, Geroa Baik eta Uxue Barkosen gobernuak "auzi honek duen dimentsio sozial eta politikoaz oso kontziente izan behar dute". Haren iritziz, "arduraz eta zentzuz jokatzeko garaia da".

Ruizek ziurtatu du EH Bilduk ez dituela babesten gobernuak gaztetxearekiko hartu dituen neurriak, eta urrats horiek ematea "alde bakarreko erabakia" izan dela argitu du. "Ez da, inolaz ere, gobernua babesten dugun gainerako indarrekin adostutako erabakia izan".

Parlamentariaren iritziz, "onartezina" da auziak hartu duen "tentsio maila", baita "egun hauetan polizia gaztetxearen inguruan ibiltzea" ere.

Egoerari irtenbidea bilatzeko unea dela nabarmendu du Ruizek, eta, horretarako, "gobernuak egin behar duen lehenengo gauza atzera egitea eta huste prebentiboaren eskaria erretiratzea da", parlamentariaren hitzetan. "Hortik aurrera, irtenbideak proposatzeko unea da".

Ruizek jakinarazi duenez, EH Bilduk "presazko" batzorde bat galdegin du, eta gobernua babesten duten indarrek bilera egingo dute gaur bertan egoera aztertzeko. Bilera horretan, koalizioak gobernuari eskatuko dio ez dezala egoera eraman "inork nahi ez duen tokira". Hori ekidin daitekeela ziurtatu du, eta Nafarroako Gobernuak agertoki hori sahiesteko ardura duela gaineratu.

Nafarroako Gobernua eta Maravillas gaztetxea harremanetan izan ziren gaztetxeko kideek eraikina okupatu ondorengo lehen hilabeteetan. Maiatzean, aldiz, hartu-emana amaitu zela ohartarazi zuten gaztetxekoek. Haien esanetan, aukera bakarra utzi zien gobernuak: "kalteak" konpondu eta eraikina uztea. Hori egitekotan, salaketa kentzea "aztertuko" zutela esan zieten.

"Legez kanpokoa eta baztertzailea"

PSN Maravillas gaztetxea hustearen alde agertu da, eta "Iruñean gertatzen ari diren okupazio guztien aurka" dagoela adierazi du.

Maite Esporrin PSNren Iruñeko udal taldeko bozeramaileak "kezka" agertu du, Joseba Asiron hiriko alkateak (EH Bildu) "legez kanpoko okupazioekiko konplazentzia" agertu duela iritzita. Salatu duenez, bere ideologia politikoarekin bat datozelako gertatu dira okupazio horiek. "Bestelakoak balira, eragotzi egingo lituzke", ziurtatu du.

Horrez gain, Maravillas gaztetxearen erabilera "baztertzailea" deitoratu du Esporrinek. "Guztiok ikusi ditugu presoen aldeko kanpainak eta bestelako jarduera politikoak". Haren esanetan, ideia horiekin bat egiten ez duten gazteak beztertzen ditu proiektuak. Hori dela eta, gaztetxeko kideek "pribilegioa" dutela adierazi du Esporrinek. Gainerako gazteek jardueretarako espazio bat nahi baldin badute alokairua ordaindu behar dutela gaineratu du.

 

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna