Kirola

Erremonte txapelketa


Erremonteko Buruz Burukoa

Urrizak eta Utergak irekiko dute Kutxabank Torneoko ligaxka

Aurreko urteko finalaren errepikapena izango da, eta azken urteotako partidarik ohikoena.

Urrizak eta Utergak jokatu zuten aurreko urteko finala
Urrizak eta Utergak jokatu zuten aurreko urteko finala Maialen Andres

Iñigo Goñi Iradi -

2018ko abuztuak 10

Urrizak eta Utergak irekiko dute, bihar, Kutxabak Torneoko Buruz Burukoaren ligaxka. Partida horixe izan zen joan den urteko finala; azken urteetan gehien errepikatu den lehia da. Urrizak bost txapel irabazi ditu, eta seigarrenaren ibilbidea hasiko du.

Urrizak 30-19 irabazi zuen finala, eta ligaxkan 30-15 irabazi zion. Beraz, iruindarra da faborito nagusia. Dena dela, azken urteotan buruz buru galdu duen partida bakarra Utergaren aurkako bat izan zen, Gabonetako Master txapelketan, 2016an. 27-30 gailendu zen Uterga, baino Urrizaren garaipenak askoz ere gehiago dira. 

Garaileak lau puntu gehituko ditu sailkapenean, eta galtzaileak tantoen arabera izango ditu puntuak: 24 eta 26 tanto bitartean, puntu bat; 27-29 bitartean, bi. Lehendabiziko partida garrantzitsua izaten da, eta biak duten onena ematen saiatuko dira. Aurrelariak bai bata eta bestea, sakea beti da oso garrantzitsua. Utergak azkar amaitzen ditu tantoak, eta Urrizari, berriz, edozein motatako jokoa datorkio ongi. 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna