Iheslariak

Europaren erantzunaren zain daude 'Aquarius' ontziko 141 migratzaileak

Italiak eta Maltak iragarri dute ez diotela ontziari euren portuetan sartzen utziko. Itsasontzia Libiako kostaldearen parean dago orain, eta laguntza eskatu die Europako Batasuneko gobernuei. Ontzian dauden migratzaileetatik 73 adingabeak dira.

'Aquarius' ontzian dauden migratzaileetako batzuk. /
'Aquarius' ontzian dauden migratzaileetako batzuk. / Mugarik Gabeko Medikuak

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abuztuak 13

Ostiralean, bi ontzitan zihoazen 141 migratzaile erreskatatu zituen Aquarius itsasontziak. Libiako kostaldearen parean aurkitu zituzten, hainbat orduz noraezean ibili ostean, hondoratzear zeuden bi ontzitan. Erreskate taldea koordinatzen duten Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeak berehala jarri ziren harremanetan Libia, Tunisia, Italia eta Maltarekin —horietara eraman ohi dituzte itsasoan aurkitutako migratzaileak—, eta euren egoeraren berri eman zieten.

Gobernuz kanpoko erakundeek, hala ere, zehaztu dute Libia ez dela herrialde segurua, eta Maltak eta Italiak iragarri dute ez diotela ontziari porturatzen utziko. Espainiak ere uko egin dio migratzaileak jasotzeari, argudiatuta, ez dela toki segurua, "nazioarteko zuzenbidearen arabera, ez delako ontzitik gertuen dagoen portua".  

Hala, itsasontziak laguntza eskatu die Europako Batasuneko herriei. Atzo eguerdian egin zuen deia, eta erantzunaren zain daude oraindik ere itsaso zabalean. "Erreskateak koordinatzeko gune bat eraiki nahi du Europak Libian, baina asteburuan gertatutakoak argi uzten du ez dela gai halakorik egiteko. Erreskate bat ez da amaitzeko pertsona horiek portu segurura heltzen diren arte. Libiak esan digu eurak ez direla gai segurtasun hori eskaintzeko. Horrez gainera, ez ziguten esan migratzaileak zeudela itsasoan, nahiz eta guk laguntza eskaini", salatu du Aloys Vimardek, Aquarius poriektuko zuzendariak.

Proiektuaren koordinatzaileak kritikatu du migratzaileak zihoazen ontziek beste hainbat itsasontziri eskatu zietela laguntza Aquarius-ekin topo egin aurretik, eta guztiek uko egin zietela haiek hartzeari. "Itsasoan galduta dagoenari laguntzea oinarrizko betebeharra den arren, ontzi asko beldur dira halakorik egiteko, badakitelako porturatzeko arazoak izango dituztela".

Isiltasuna nagusi

Ez da lehen aldia Aquarius halako ataka batean dagoela. Ekainaren hasieran ere laguntza eskatu zuen itsasontziak, eta, orduan, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek erantzu zion deiari, Valentziako Generalitateko presidente Ximo Puigek bertan porturatzeko eskaintza egin ostean. 629 migratzaile zeramatzan orduan ontziak, eta, hasieran Korsikako Gobernuak ere bere portuak eskaini bazizkion ere, Frantziak ez zion baimenik eman eta Italiak ateak itxi zizkion.

Emandako itxura txarra konpontze aldera, Alemaniako kantziler Angela Merkelek adierazi zuen "migrazioaren krisiari erantzun europarra" emateko beharra zegoela. Paris, berriz prest agertu zen "asilo irizpideak" betetzen zituzten migratzaileak hartzeko. Ordea, aldi honetan ere ez batak ez besteak ez diote erantzun laguntza deiari.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna