Erresuma Batua

Atentatu terroristatzat jo dute Londresko parlamentuaren aurkako erasoa

Poliziak lekuan bertan atxilotu du gidaria. Iazko martxoan Londresko parlamentuaren aurkako bertze eraso bat izan zen. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain erasoa.

Parlamentuaren inguruak itxi ditu poliziak segurtasun neurri gisa./
Parlamentuaren inguruak itxi ditu poliziak segurtasun neurri gisa./ Andy Rain

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 14

Auto batek Westminstergo parlamentuko kanpoaldeko hesia jo du Londresen, eta bi oinezko zauritu ditu. Goizean, 08:37ean, gertatu da erasoa; Scotland Yard poliziak lekuan bertan atxilotu du hogei urte inguruko gidaria. Zaurituak ospitalera eraman dituzte, baina Poliziak baztertu egin du zauri larriak dituztenik.

Londresko Poliziak atentatu terroristatzat jo du parlamentuaren kontrako erasoa. Autoko gidaria, hogei urte inguruko gaztea, Londres hegoaldeko polizia etxe batera eraman dute atxilotuta. Terrrorismoaren Aurkako Unitatea ari da erasoa ikertzen.

Londresko metroko Westminster geltokia itxi egin dute segurtasun neurri gisa, eta parlamantuko inguruak ere itxita daude. BBC kateak zabaldu duenez, hainbat lekukoren arabera, gidariak nahita egin du oinezkoen aurka.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi du bere gogoa zaurituekin dagoela eta larrialdi zerbitzuei eskerrak eman dizkie Twitter bidez zabaldu duen mezuan. Sadiq Khan Londresko alkateak zabaldu du larrialdi zerbitzuekin harremanetan dagoela, eta eskerrak eman dizkie erasoa izan den lekura "oso azkar" iritsi direlako.

Parlamentuaren aurka berriro

Ez da Londreseko parlamentuak horrelako eraso bat pairatzen duen lehen aldia, joan den urteko martxoaren 22an gizonezko bat Parlamentura sartzen saiatu baitzen. Westminstergo zubian hainbat pertsona harrapatu eta horietako bi hil ondoren, parlamentuko hesia jo, eta barrura sartzen saiatu zen. Polizia bat labankadaz hil zuen erasotzaileak, eta, ondoren, segurtasun indarrek tiroz hil zuten. Orduko hartan, Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain erasoa.

Eraso horren ondoren, parlamentu inguruko segurtasun neurriak zorroztu zituzten, eta hormigoizko blokeak jarri zituzten kanpoaldean babes neurri gisa.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna