Oscar sariak

'Handia' filma Oscarretarako bidean da

Ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaietako bat da Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien lana.

Jon Urbe/Foku

Berria -

2018ko abuztuak 14

Javier Freserren Campeones-ekin eta Asghar Farhadi zuzendariaren Todos lo saben filmarekin lehiatuko da Handia Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko. Aukeratua izanez gero, ingelesez besteko filmen atalean lehiatuko litzateke Aitor Arregi eta Jon Garañoren lana.

Orotara, iazko urriaren 1etik aurtengo irailaren 30era estreinatu diren edo estreinatuko diren 43 lan aurkeztu dituzte lehenbiziko aukeraketara. Irailaren 6an jakinaraziko dute zer lanek ordezkatuko duen Espainia.

Aurrez ere sari ugari jasoa da Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako filma. Besteak beste, hamar Goya sari bereganatu zituen; tartean, aktore berririk onenarena Eneko Sagardoirentzat, jantzi diseinurik onenarena Saioa Lararentzat, eta muntaketarik onenarena Laurent Dufrech eta Raul Lopezentzat.

Ez da lehen aldia Jon Garañoren film bat Oscarretarako bidean dela: 2015eko irailean, Loreak lana aukeratu zuen Espainiako akademiak Oscarretarako ordezkari gisara. Ordea, azkenean lehiatik kanpo geratu zen Garañoren lana.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna