Italia

Bertan behera utzi dituzte erreskate lanak Genovan, beste zutabe bat eroriko den beldur

Iturri ofizialen arabera, 39 dira autobidearen zubibide bat erorita hildakoak. Autobidea kudeatzen duen enpresako zuzendaritzako kideen dimisioa eskatu du Italiako Garraio ministroak.

Morandi zubiaren zati bat. /
Morandi zubiaren zati bat. / Alessandro Di Marco/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abuztuak 15

Suhiltzaileek goizean eman dute abisua. Atzo eroritako zubibidearen zutabeetako bat hainbat etxebizitzaren gainean dago, eta, orduak joan ahala, erortzeko arriskua handituz doa. Ondorioz, erreskatatze lanak bertan behera utzi dituzte. Horretaz gainera, eroritako autobide zatiaren inguruan bizi diren 630 lagun etxetik kanpo daude oraindik, eta beste 11 etxebizitza ere hustu dituzte.

"Ez dakit zubiaren azpiko etxeek zutik eutsiko dioten. Zaila izango da, seguruenik zutik geratzen diren zubibidearen zatiak bota egin beharko direlako", azaldu du Genovako alkate Marco Buccik, eta iragarri du udala arduratuko dela etxerik gabe geratu direnei aterpea emateaz. Horretaz gainera, ohartarazi du ibaira eroritako autobidearen zatiak handik atera beharko direla euriteak heldu aurretik, hala egin ezean ibaiak gainezka egin dezakeelako.

Genova hiriko A-10 autobideko zubibidearen 215 metroko zati bat behera erori zen atzo. Horren ondorioz, bi norabideetan zihoazen hainbat auto errepidetik behera amildu ziren, eta, azken datuen arabera, 39 dira hildakoak.

Italiako Gobernuak azalpenak eskatu dizkio autobidea kudeatzen duen Autostrade enpresari, eta zuzendaritzaren dimisioa ere eskatu du Garraio ministro Danilo Toninellik. "Herrialde zibilizatu batean ezinezkoa beharko luke zubi bat erori delako hiltzea", idatzi du Facebookeko bere kontuan.

Ministroak salatu du Europako "autobiderik garestienak" direla Italiakoak: "Milaka milioiren irabaziak dituzte, eta milioika gutxi batzuk ordaintzen dituzte zergetan, eta, horretaz gainera, ez dituzte mantentze lanak egiten". Ministroak iragarri du prozedurak abian jarri dituela kontzesioak bertan behera utz ditzaten, eta enpresa kudeatzaileari isuna ezar diezaioten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna