Hautsak harrotu ditu Austrian eta inguruko herrialdeetan Falter aldizkariak zabaldutako berri batek: Austriak asiloa ukatu dio 18 urteko gazte bati, jarrera ez omen duelako "nahikoa homosexuala".
Gazteak Austrian egin zuen asilo eskaera, Afganistanen jazarria izan daitekeelako bere sexu joera dela eta. Afganistanen, delitu larria da homosexualitatea, eta heriotzarekin zigortzen dute. Austriak, ordea, asiloa ukatu dio argudiatuz haren jarrera ez dela homosexualek "ohiko" izaten dutena eta, beraz, ezin diotela sinesgarritasunik eman. Ondorioz, Austriako funtzionarioen arabera, gazteak ez dauka arazorik Afganistanera itzultzeko.
Funtzionarioek asilo eskaera ukatzeko idatzitako txostenean ageri denez, "gaztearen ibiltzeko eta janzteko eran ez dago nahiko arrazoi homosexuala denik esateko". Gainera, gazteak borroka bat baino gehiago izan ditu, eta hori ere ez omen da "ohiko jarrera" gayen artean: "Gazteak homosexualengandik espero ez den erasotzeko ahalmena du".
Txostenean idatzita azaltzen denez, gazteak lagun gutxi ditu, eta bakarrik egotea gustatzen zaio. Hori ere ez omen da homosexualen ohiko jarrera, "gayak taldekoiagoak izaten baitira", txostena idatzi duten funtzionarioen arabera. Jasotako ezezkoaren ondoren, Afganistango gazteak errekurtsoa jarri dio epaiari.
Austriakoa, ordea, ez da kasu bakarra: Herbehereetan, gay eta lesbianen aldeko taldeek salatu dute funtzionarioek argudio bera erabili dutela hainbatetan asilo eskaerak baztertzeko.