Austria

Austriak asiloa ukatu dio gazte bati "homosexualengan ohikoak ez diren jarrerak izateagatik"

18 urteko mutil afganiar bat da asilo eskatzailea. Austriakoa ez da kasu bakarra, Herbehereetan ere horrelako kasuak izan baitira, hainbat elkarteren arabera.

Hainbat errefuxiatu Austriako mugan./
Hainbat errefuxiatu Austriako mugan./ Akos Terba/EFE

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko abuztuak 16

Hautsak harrotu ditu Austrian eta inguruko herrialdeetan Falter aldizkariak zabaldutako berri batek: Austriak asiloa ukatu dio 18 urteko gazte bati, jarrera ez omen duelako "nahikoa homosexuala".

Gazteak Austrian egin zuen asilo eskaera, Afganistanen jazarria izan daitekeelako bere sexu joera dela eta. Afganistanen, delitu larria da homosexualitatea, eta heriotzarekin zigortzen dute. Austriak, ordea, asiloa ukatu dio argudiatuz haren jarrera ez dela homosexualek "ohiko" izaten dutena eta, beraz, ezin diotela sinesgarritasunik eman. Ondorioz, Austriako funtzionarioen arabera, gazteak ez dauka arazorik Afganistanera itzultzeko.

Funtzionarioek asilo eskaera ukatzeko idatzitako txostenean ageri denez, "gaztearen ibiltzeko eta janzteko eran ez dago nahiko arrazoi homosexuala denik esateko". Gainera, gazteak borroka bat baino gehiago izan ditu, eta hori ere ez omen da "ohiko jarrera" gayen artean: "Gazteak homosexualengandik espero ez den erasotzeko ahalmena du".

Txostenean idatzita azaltzen denez, gazteak lagun gutxi ditu, eta bakarrik egotea gustatzen zaio. Hori ere ez omen da homosexualen ohiko jarrera, "gayak taldekoiagoak izaten baitira", txostena idatzi duten funtzionarioen arabera. Jasotako ezezkoaren ondoren, Afganistango gazteak errekurtsoa jarri dio epaiari.

Austriakoa, ordea, ez da kasu bakarra: Herbehereetan, gay eta lesbianen aldeko taldeek salatu dute funtzionarioek argudio bera erabili dutela hainbatetan asilo eskaerak baztertzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna