Hilberria

Aretha Franklin zendu da, soularen erregina

76 urte zituela hil da artista estatubatuarra. 2017an agertu zen azken aldiz jendaurrean.

2016an Herbie Hancockekin Etxe Zurian eman zuen kontzeruaren momentu bat.
2016an Herbie Hancockekin Etxe Zurian eman zuen kontzeruaren momentu bat. AUDE GUERRUCCI / EFE

Berria -

2018ko abuztuak 16

Astelehenean zabaldu zen larri zegoela kantari estatubatuarra, eta ostegun arratsaldean iritsi da haren heriotzaren berria. Aretha Franklinek 76 urte zituen, eta Detroiteko bere etxean eman du azken hatsa.

1942. urtean Memphisen jaio, eta 1950eko hamarkadan sartu zen musikaren munduan. Hemezortzi Grammy sari irabazi zituen, eta 75 milioi album saldu zituen bere karrera osoan. Azken kontzertua 2017ko azaroaren 17an eman zuen, New Yorken, Elton Johnek hiesaren aurka antolatutako gala batean.

Rock-and-Rollaren Ospearen Aretoan sartu zen lehen emakumea izan zen, 1987an. Emakumeen eta beltzen borroken ikur ere izan da askorentzat, eta haren kantak, inspirazio iturri.

(You Make Me Feel Like) A Natural Woman, Respect eta Spanish Harlem abesti ezagunen sortzailea izan da Franklin, bertzeak bertze. 2008. urtean, Rolling Stone aldizkariak historiako abeslari onena izendatu zuen. Soularen erreginaren izendapena bere merituz irabazi zuen.

Aita artzain baptista zuen, eta elizan hasi zen kantuan. Oso gazte grabatu zuen lehen diskoa (Songs of Faith), 14 urterekin, gospelari helduta. Ama ere gospel kantaria zuen, izan ere. Aitaren ofizioari esker ezagutu zituen, kronikek kontatzen dutenez, Ella Fitzgerald eta Duke Ellington, beste zenbaiten artean.

Sei hamarkada egin ditu oholtzetan, musika beltzaren ertz guztiei bere ahotsez eta pianoz lustrea emanez: gospela, soula, jazza, bluesa... baita popa eta beste herri musika batzuk ere. 1956an kaleratu zuen lehen diskoa, eta 2011n azkena (A Woman Falling Out of Love). Ordurako gaixo zegoen; 2010ean diagnostikatu zioten minbizia lehen aldiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna