Iruñeko gaztetxea

Berriro ireki dituzte Maravillasen ateak

Gaztetxea indarrez hustu dute gaur goizean Nafarroako Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Segurtasun indarrek gazteen aurka egin dute, eta bi pertsona eraman dituzte erietxera. Arratsaldean, Gazteluko plazan batzarra egin ostean, kalejiran joan dira Alde Zaharretik, eta berriro ireki dituzte gaztetxeko ateak. Bertan lo egitera dei egin dute.

Josefina Lamberto gaztetxekoekin

Iker Tubia - Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko abuztuak 17

Gazteluko plazan ehunka eta ehunka herritar bildu dira arratsaldeko seietan. Jasotako elkartasuna eskertu dute Maravillaseko kideek, eta kalejiran abiatu dira Alde Zaharreko kaleetatik, Gaztetxe bat, auzo bat. Maravillas herriarentzat lelopean.

Kalejiraren ibilbidean, Espainiako Polizia mobilizazioa eteten saiatu da, eta protestan ari direnek eserialdi bat egin dute San Nikolas kalean. Tentsio momentuak izan dira, baina istilurik ez. EAJren egoitzaren aurretik eta udaletxearen aurretik ere pasatu dira.

Arratsaldeko protesta hori gaztetxeko ateetara iritsi da azkenean, eta, 19:30 inguru zirenean, eraikineko ateak berriro ireki, eta barrura sartu dira. Ahotsa.info-k hartu du bideoan momentu hori:

Sare sozialetan mezua zabaldu du Maravillasek, eraikinaren inguruan "herri harresi bat" antolatzeko eta gaztetxea defendatzeko. Eraikinean lo egitera ere deitu dituzte herritarrak.

Oraintxe dozenaka pertsona daude Poliziak goizean goiz hustu duen eraikin horren barruan. Ez etsitzeko eta borrokan jarraitzeko deia egin dute Maravillaseko kideek, eta mobilizazioei eusten diete. Larunbatean, 12:00etan, agerraldi bat egingo dute. Hilaren 25erako deitua zuten manifestazio deialdia ere mantendu egingo dutela azaldu dute.

Gaztetxea hustera, goizaldean

Gaur goizean hustu dute gaztetxea, berez. 05:00 aldera iritsi dira foruzainak eta udaltzainak Iruñeko Maravillas gaztetxera. Haiekin batera, baita Espainiako Poliziako kideak ere. Lehenek eraikina husteari ekin diote, eta bigarrenek, berriz, inguruko kaleak itxi dituzte. Bitartean, eraikin barruan 22 lagun inguru zeuden itxita, huste lanak eragozteko asmoz.

Gaztetxe barruan zegoen gazte batek azaldu dio BERRIAri nola hasi den operazioa: "Goizeko bostak aldera etorri dira, eta saiatu dira ate nagusitik sartzen. Gu oihuka hasi gara esanez ez botatzeko atea behera, jendea zegoelako inguruan, lotuta. Baina, hala ere, lortu dute atea irekitzea. Gero, garabi bat ekarri dute gu ateratzeko, eta hesi bat moztu dute han kateatuta zeuden hainbat lagun ateratzeko. Kontuan izan behar da hesia eraikinaren zati bat dela, eta, beraz, ondare historikoa".

Kanpoan, berriz, dozenaka pertsona bildu dira operazioaren aurka protestatzeko. Hasieran, istiluak ere izan dira haien eta polizien artean, eta poliziak gazteen aurka ere oldartu dira. Sare sozialetan, borrakadak jaso dituzten hogeiren bat pertsonaren argazkiak zabaldu dituzte, borrek utzitako markak erakutsiz.

Pilotak ere jaurti dituzte poliziek goizeko mobilizazio horietan. Gutxienez bi pertsona eraman dituzte erietxera, eta larrialdi zerbitzuek tokian bertan artatu dituzte beste hainbat. Aldapa kalean bildu den jendearen aurka egin dute poliziek, eta hainbat lagun identifikatu ere egin dituzte, tartean adingabe batzuk ere bai.

Gaztetxeko kideek goizean goizetik ohartarazi dute adingabeak ere bazeudela eraikin barruan, eta hainbat lagun ateetara kateatuta daudela: "Hemen ezer gertatzen bada, Maria Solanarena [gobernuko bozeramailea] eta Nafarroako Gobernuarena izango da erantzukizuna". Segurtasun indarrek eraikinaren kanpoko hormatik zintzilik zeuden hainbat lagun ere jaitsarazi dituzte, eta adingabeen kasuan haien guraso eta arduradunei deitu diete.

Jarauta kalean ere istiluak izan dira goizean. Hainbat pertsona gaztetxearen aldeko kartelak jartzen ari ziren, eta, Udaltzaingoa gerturatu denean, ihes egin dute kale horretan Askapenak duen egoitzara. Udaltzainak ahalegindu dira atea indarrez irekitzen. Gaztetxeko kideek lotsagarritzat jo dute gobernuaren jarrera, eta "herri proiektu bat eraisteko" indarkeria erabiltzea egotzi diote Uxue Barkosen gobernuari.

EH Bilduko hainbat kide ere izan dira kanpoan bildutakoen artean, eta azalpenak eskatu dizkiete foruzainei, baina haiek ez diete inolako erantzunik eman. Koalizioak joan den astean eskatu zion gobernuari utz zezala bertan behera eraikina husteko agindua. Alde horretatik, elkarrizketen alde egiten azkena Joseba Asiron alkatea izan da. Hark lasaitasuna eskatu zuen atzo, eta elkarrizketarako deia egin zien bi aldeei.

Elkar ulertzerik ez

Azken asteetan gaztetxeko kideek eta Nafarroako Gobernua ahalegindu dira elkarrizketak bideratzen; izan ere, lehenengoek herriarentzat nahi zuten hainbat urtez hutsik egon den eraikina, eta bigarrenek, berriz, memoriaren institutua bertan egiteko asmoa agertu dute.

Solanak berak ere gogor egin du azken egunetan gazteen jarreraren aurka, eta egotzi die "akordiorako borondate faltsua" agertu izana. Gazteek hitz egiteko bilera ostiralean [gaur] izatea eta toki neutro batean egitea eskatu zioten gobernuari, hark elkarrizketarako eskaintza egin ostean.

Gobernuarekiko liskarrak direla medio, hainbat astez itxita egon da gaztetxea, baina joan den asteazkenean ireki zituen ateak, Maravillas Lamberto omentzeko. Herritar ugari bildu zen bertara, bai Larragako gaztea gogoratzeko eta bai gaztetxeko kideekiko elkartasunez ere.

Hain zuzen ere, Josefina Lamberto (Maravillasen ahizpa) gaztetxeko kideekin izan da goizean, eta elkartasuna helarazi die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna