Kofi Atta Annan

Inspirazioaren arrastoan

NBEko idazkari nagusi izandakoa atzo hil zen, 80 urterekin. Erakunde horretako lehen buruzagi beltza izan zen, eta, bi agintalditan argi-ilunak izan bazituen ere, karisma handiko liderra izan zen. Bakearen Nobel saria eman zioten 2001ean.

Yoan Valat/EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko abuztuak 18

Kumasin (Ghana) jaio zen, 1938an. Berea ez zen familia txiroa, eta, horri esker, goi mailako ikasketak egin ahal izan zituen Ghanan bertan lehenik, eta AEBetan gero. Bera izan zen NBEko idazkaritzara heldu zen lehen afrikar beltza ere. Bi agintaldi egin zituen erakunde horretako buruzagitzan, 1997tik 2006ra. Agintean zela eman zioten Bakearen Nobel saria ere, 2001ean.

Ez ziren urte errazak izan agintaldian egin zituenak. Hiesaren aurkako borroka egin zuen bere lehentasunetako bat, eta baita kanpaina ugari bultzatu ere. 2003an, Irakeko gerra hasi zenean, haren aurka egin zuen, eta AEBei eta Erresuma Batuari eskatu zien ez zezatela herrialde haren aurka jo. Gerra hura legez kontrakoa zela salatu zuen. Ordea, agintaldia amaitutakoan aitortu zuenez, bere ibilbideko "porrotik handiena" izan zen gerra eragotzi ezin izatea.

Hain zuzen ere, Irakeko gerrarekin heldu zen Annanen ibilbidea ilundu zuen eskandaluetako bat, Petrolioa Elikagaien Truke programa. Egitasmoa NBEk bultzatu zuen, Irakeko herritarrei elikagaiak eskuratzea ahalbidetzeko. Ordu hartan nazioarteko zigorren pean zegoen Irak, golkoko gerra zela medio. Hala, programaren helburua zen herrialdeak petrolioa atzerrian saldu ahal izatea elikagaien eta botiken truke. Ordea, 2004an Irakeko egunkari batek zabaldu zuenez, herrialdeko eta atzerriko hainbat agintarik programa hura baliatu zuten milaka milioiren irabaziak eskuratzeko. Ustelkeria sare horretan nahasita zeudenen artean zegoen Kojo Annan, NBEko idazkari nagusiaren semea.

Idazkari nagusi izateari utzi ostean ere NBErentzat aritu zen lanean hainbat urtez. Oraingoan Sirian, ordezkari berezi gisara. Agintaldi hark, ordea, ez zuen amaiera onik izan, eta Annanek berak eman zuen dimisioa, 2012ko abuztuan.

Kofi Annan Fundazioa ere sortu zuen 2007an, bakearen eta elkarrizketaren alde egitea helburu zuena.

Hegoafrikan zegoela hasi zitzaizkion osasun arazoak Annani. Familiak Suitzara eramatea erabaki zuen, Genevara, eta handik Bernako erietxe batera. Han hil da 80 urteko buruzagia. Familiak berak eman du heriotzaren berri.

Aieteko Konferentzia

Aieteko Bake Konferentzian izan zen Annan, eta bera izan zen Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat ere. Bake prozesua bultzatzeko xedez etorri zen Annan Euskal Herrira, baina berak ere bazituen zalantzak nazioarteko buruzagien agerraldiak ezertarako balioko ote zuen. Honela esan omen zion Aietetik etxerakoan Gorka Espiau Elkarri-ko kide ohiari: "Gorka, zuk uste gaurkoak zerbaitetarako balioko duela?".

Annan ez zen izan Aieten abiatutako zikloari amaiera jarri zion Kanboko ekitaldian, ezin izan baitzuen. Hala ere, bat egin zuen han irakurritako mezuarekin, eta baita txio bat idatzi ere. Txioan jarri zuen bakea eraikitzeko elkarrizketa erabili behar dela. Eta gaineratu zuen ETAren desegitearen eguna "Europan ospatu beharreko eguna" zela, egiteko asko egon arren.

Euskal Herrian ez ezik, Kataluniako gatazkan ere elkarrizketarako deia egin zion Annan buru zuen eta nazioarteko hainbat buruzagi ohi biltzen zituen The Elders erakundeak Espainiako Gobernuari. Eskaera hura gogora ekarri du Carles Puigdemont buruzagiak, sareetan zabaldutako mezu batean.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna