Gaztetxeak

Maravillas gaztetxearen auzia artxibatzea erabaki du epaileak

Nafarroako Gobernuak eskatu du Rozalejoren eraikina husteko agindua eteteko, eta horren aurrean epaitegiak erabaki du auzi osoa ixtea bLaukoaren barruan «sintonia falta» dela onartu du Solanak.

Maravillas gaztetxeko ordezkariak gaur, eta atzean gaztetxeko ateak irekita.
Maravillas gaztetxeko ordezkariak gaur, eta atzean gaztetxeko ateak irekita. IƱigo Uriz / Foku

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 18

Iruñeko laugarren instrukzio epaitegiak erabaki du husteko agindurik ez egitea. Alde batetik, Nafarroako Gobernuak egin dio eskaera, eta epaileak ebatzi du aintzat hartzea. Zigor Kodearen arabera, delitua egoteko okupazioa jabeen borondatearen aurkako izan behar du, eta orain ez dago halakorik. "Jabeak ez diren beste pertsona batzuk eraikina erabiltzea ezin esan daiteke titularraren borondatearen kontrakoa dela", argudiatu du epaileak.

Autoak aipamen egiten dio duela bi eguneko husteko aginduari. Herenegun, Foruzaingoaren txostenean oinarrituta hartu zuen erabaki epaileak berak. Lehen aldia da publikoki agindu horri buruzko aipamena egiten dela.

Txosten horretan, Foruzaingoak nabarmentzen duenez, gaztetxeko kideek eraikinean hainbat obra egin dituzte "balizko hustea eragozteko edo zailtzeko". Hala nola, txosten horren arabera, altzairuzko hodiak jarri dituzte teilatuan edo sarbideak blokeatu eta defentsa pasiboko sistemak ezarri". Foruzaingoak ondorioztatu du "pertsonak erortzeko" edo eraikinetik "objektuak erortzeko" arriskua dagoela, "teilatuko obretan teila batzuk solte geratu direlako".  Foruzaingoak uste du egoera txarrean dagoela eraikina eta obrak gainbegiratze teknikorik gabe eginda, "egiturazko arriskuak" dituela. Gainera, argindarraren instalazioagatik sutea eragiteko arriskua ere badagoela uste dute foruzainek.

Epailearen erabakia jakinda, arratsaldean 19:30ean Maria Solana Gobernuko eledunak bere irakurketa egin du. Bere esanetan, gaur eguerdiak hartu du gobernuak husteko agindua eteteko eskaera aurkeztea. Interes orokorraren gainetik herritarren segurtasuna bermatu dutela aipatu du, eta beste huste batek kaleetan tentsio handitu dezakeel uste du. Halaber, husteari eusteko nahikoa bermerik ez zegoela uste du, baina argi utzi du ez diotela uko egiten eraikinaren jabego publikoari eta aurrerago memoria historikoaren egoitza izateari.

Gaztetxearen balorazioa.

Lasai esnatu da Iruñeko Alde Zaharra. Nabarrerian, Maravillas gaztetxeak ateak parez pare irekiak izan ditu. Kanpoaldean, gaztetxeko kideek hustearen eta poliziek atzo goizean erabilitako indarkeriaren erantzule egin dute Nafarroako Gobernua, baina orain "bigarren aukera" duela deritzote.

Datorren larunbateko manifestaziorako kartelak eskuetan, agerraldia egin dute, eta atzoko egunaren balorazioa egin. "Nafarroako Gobernuaren aldebakarreko jokabidearekin, agerian geratu zen herri honek ez dituela ulertzen iraganean geratu behar ziren jarrera errepresiboak". Gogor gaitzetsi dute, halaber, polizien indarkeria: borren kolpeak, gomazko pilotak, lurrean agertutako balak. "Hau al zen huste baketsua?", galdetu dute. Kalean su armen hainbat bala agertu ziren atzo, eta foruzainek lurretik jaso zituzten.

Gaztetxeko ordezkarien arabera, Maria Solana Nafarroako Gobernuko eledunak atzo egindako balorazioa "onartezina" da. Haien ustez, gobernuak ez zuen elkarrizketarako benetako borondaterik, gaztetxekoek elkarrizketa 48 orduz atzeratzea eskaini ostean "ezezko irmoa" jaso zutelako. "Ezin dugu onartu erantzukizuna saihesteko saiakera ere, Iruñeko alkatea egoeraren erantzule eginez", gaineratu dute.

Uste dute orain elkarrizketari berrekin dakiokeela, eta alkateak proposamenik badu, entzuteko prest agertu dira. Hustearen alternatibarik badela uste dute.

Polizien indarkeriaren aurrean "ausardiaz eta irudimenez" jokatu zutela deritzote, eta horregatik berrokupatu zuten Rozalejoren jauregia. 2004an UPNk hustu eta eraitsitako Euskal Jairen oinordekotzat jo dute euren burua. "Hau ez da okupazio baten bukaera, baizik eta  ederra eta geldiezina den zerbaiten hasiera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna