Indonesia

Gutxienez hamar lagun hil dira lurrikara batean Indonesian

Richter eskalan 6,9 gradukoa izan da. Azken asteetan hainbat lurrikara izan dira, horietako hiruk kalte larriak eragin dituzte.

Lombok uhartean lurrakikara gertatu ondoren. STR, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 20a
12:42
Entzun

Gutxienez hamar hildako eta 24 zauritu eragin ditu bart gauean Indonesiako Lombok irlan izandako lurrikarak. Richter eskalan 6,9 gradukoa  izan da bart gertatua. Azken asteetan hainbat lurrikara izan dira uhartean eta 470.000 pertsona baino gehiago lekualdatu dituzte.

Nazio Hondamendiak Arintzeko Agentziako bozeramaile Sutopo Purwo Nugrohok jakitera eman duenez, lau hildako izan dira Lombok ekialdean, bertze bat mendebaldean eta azkeneko bortzak Sumbawa uhartean. Sutopok adierazi duenez, guztiak etxea gainera erorita hil dira. 150 eraikinetan baino gehiagotan eragin ditu kalteak seismoak.

Lurrikara nagusiaren ondoren zazpi erreplika handi baino gehiago izan dira. Lurrikararekin batera argia joan da eta oraindik argindarrik gabe jarraitzen dute. Lombok iparraldeko errepidea erabat kaltetu du azken lurrikarak eta ez dute bertara iristea lortu.

Azken asteetan izan den hirugarren lurrikara handia da bart gertatutakoa. Uztailaren 29an hamasei pertsona hil eta 350 baino gehiago zauritu ziren eta hainbat familiak etxetik alde egin behar izan zuten. Abuztuaren 5eko lurrikarak ere kalte handiak eragin zituen. 460 pertsona baino gehiago hil ziren eta milaka pertsona lekualdatu zituzten. Oraindik erreskate taldeek gorpuak erreskatatzeko lanean jarraitzen dute. Lurrikara ondoren hainbat orduz tsunami arriskua egon zen ezarrita uhartean, nahiz eta ordu batzuetara kendu zuten.

Lombok uhartea turismo gune garrantzitsua da Indonesian, eta turistaz beteta egoten da urte sasoi honetan. Abuztuaren 5ean izandako lurrikara gertatu zenean bertan zeuden bi gazterekin hitz zuen BERRIAk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.