Tsiprasek Itakan eman dio amaiera Greziaren odiseari

Erreskateen aroari agur esateko Ulisesen sorterria hautatu du Greziako lehen ministroak eta herrialdeak bere patua erabakitzeko eskubidea berreskuratu duela azpimarratu du.

Alexis Tsipras gaur Itakan.
Alexis Tsipras gaur Itakan. EFE

Irune Lasa -

2018ko abuztuak 21

"Egun historikoa da gaurkoa. Bukatu dira austeritate, atzeraldi eta atsekabe sozialeko egunak. Gure herrialdeak berreskuratu du bere patua, bere etorkizuna zehazteko eskubidea". Zortzi urteren buruan erreskateak atzean utzi zituen atzo Greziak, hirugarren finantzaketa programaren amaierarekin, eta sinbolismoz betetako adierazpen laburrarekin aro berri bati hasiera eman nahi izan dio gaur Alexis Tsipras lehen ministroak, Itaka uhartean.

Greziak azken urteetan bizitakoak Ulisesen Odisearekin behin eta berriz alderatu ditu Tsiprasek bere hitzetan. "2010etik Greziak Odisea moderno bat bizi izan du. [Tsipras gobernura iritsi aurreko ] Bost urtetan herrialde batentzat bake garaian pentsaezinak ziren gauzak gertatu ziren: barne produktu gordinaren %25 galdu zen; hiru pertsonetatik batek bere lanpostua galdu zuen; demokrazia murriztu egin zuten; bankariak lehen ministro bihurtu ziren eta ministroak bankari; eta 60 urte pasa eta gero, faxista taldeak agertu ziren berriz kaleetan".

"Ez ditugu sekula ahaztuko herrialdea memorandumetara eraman zuten kausak eta aurpegiak", esan du Tsiprasek eta lehen bi erreskate programek ezarritako austeritate neurriak 65.000 milioi eurokoak izan direla gaineratu du, Georgios Papandreuren (Pasok) eta Andonis Samarasen (Demokrazia Berria) gobernuak aipatuz.

Lehen ministroaren ustez, orain Greziak bere erabakitzeko eskubidea berreskuratu du "Europako beste herrialdeen gisan", eta ez da gehiago "kanpotik ezarritako obligaziorik izango ezta sakrifizio gehiago  herriarentzat ere". Edonola ere, herrialdeak "ikusmiran bataila gehiago" dituela iragarri du.

2010eko apirilean ere Odisea aipagai izan zuen, hain zuzen, orduko Greziako lehen ministro Papandreuk, noiz eta lehen erreskatea eskatu zuenean. "Odisea berri batean aurrean gaude", esan zuen orduko hartan. Homeroren lanaren aipamen horregatik kritikak jaso zituen Papandreuk. Gehiegizkoa izan zela esan zioten, Ulisesek jaioterrira itzultzeko hamar urte behar izan zituelako eta bere eskifaiako kide guztiak hil zirelako Itakarako bidean. 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna