Donostiako 66. Zinemaldia

Beste bederatzi lan berezi Zabaltegi-Tabakalera sailean

Bi Gan, Lucile Hadzihalilovic eta Virgil Vernier zuzendariak lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko sailik irekienean, besteak beste. Gaur iragarritako bederatziekin, guztira hemezortzi ekoizpen egongo dira lehian, hamabi film luze eta sei labur.

'Stop motion' teknikarekin egindako 'La casa lobo' filmeko fotograma bat.
'Stop motion' teknikarekin egindako 'La casa lobo' filmeko fotograma bat. Donostiako Zinemaldia

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 22

Zinemaldiko lehiaketa edo sail irekiena da Zabaltegi-Tabakalera, araurik ez duelako, ezta estilo edo denbora mugarik ere. Horregatik, aurten ere askotariko proposamenak egongo dira bertan: telesailak, fikziozko eta animaziozko filmak, eta artxiboko materialekin osatutako lanak. Bederatzi film gehitu dira gaur lehiara, eta haien artean daude Ingmar Bergmanen inguruko dokumental bat, Zinemaldiko ohiko zuzendari bilakatu den Hadzihalilovicen film labur bat eta Txileko stop motion animaziozko film saritu bat.

Veneziako eta Torontoko zinema jaialdietatik igaro ondoren, Donostian aurkeztuko da Phuttiphong Aroonpheng zuzendari thailandiarraren opera prima: Kraben Rahu / Manta Ray. Film laburrekin hainbat jaialdi bisitatu ondoren, arrantzale baten istorioa kontatzen du bere lehenengo film luzean: zaurituta eta konorterik gabe dagoen gizon bat basotik erreskatatu ondoren, hitzik gabeko harreman bat sortuko da bien artean.

Kali Blues filmarekin egin zuen debuta Bi Gan zuzendari txinatarrak, baita arrakasta lortu ere. Aurten, Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen bere bigarren lana, Cannesen: Di qiu zui hou de ye wan / Lond Day's Journey into Night. Emakume baten jaioterrira itzuliko den gizon bati buruzkoa da.

Cristobal Leon eta Joaquin Cociña txiletarrek beren estreineko animaziozko film luzea aurkeztuko dute: La casa lobo. Hainbat aipamen eta sari jaso ditu nazioarteko zinemaldietan, eta Berlinalen eta Annecyn proiektatu dute filma, besteak beste. Alemaniarren kolonia batetik ihes egin eta Txileko hegoaldeko etxe batera babes bila doan gazte baten istorioa kontatzen du filmak.

Cannes Classics sailetik dator Jane Magnusson suediarraren Bergman - ett ar, ett Liv / Bergman - A Year in Life dokumentala. Zinemagile mitikoaren ibilbideko urte garrantzitsuenetako bat irudikatzen du filmak, Det djunde inseglet (Zazpigarren zigilua) eta Smultronstället (Basa marrubiak) film ezagunak egin zituen urtea, hain zuzen.

Donostiako Zinemaldiak jakinarazi zuen Los que desean (Elena Lopez Riera) eta 592 metroz goiti (Maddi Barber) film laburrak lehian egongo zirela, baina beste zenbait gehitu dira: Lucile Hadzihalilovic Donostiara itzuliko da De Natura aurkeztera, 2004an Innocence debutarekin Zuzendari Berriak saria irabazi eta 2015ean Evolution bigarren filmarekin Sail Ofizialean Epaimahaiaren Sari Berezia lortu ondoren. Ines Moldavsky argentinarra Israelen ekoitzitako eta Berlinalen estreinatutako The Men Behind the Wall laburrarekin ariko da lehian. Sobre cosas que me han pasado film laburrarekin, Jose Luis Torres Leiva txiletarrak hirugarrenez parte hartuko du sailean, El viento sabe que vuelvo a casa (2016) eta El sueño de Ana (2017)  lanen ondoren. Horiez gain, Jean-Gabriel Perioten Song for the Jungle laburra proiektatuko da. Calaisen filmatu da, milaka etorkin Erresuma Batura igaro ahal izateko zain dauden tokian.

Guztira, beraz, hemezortzi film izango dira Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehian, aurrez iragarri baitzituzten besteak: Coincoin et les z'Inhumains / Coincoin and the Extra-humans (Bruno Dumont), Las hijas del fuego (Albertina Carri), Le livre d'image / The Image Book (Jean-Luc Godard), Da xiang xi di er zuo / An Elephant Sitting Still (Hu Bo), Belmonte (Federico Veiroj), Trote (Xacio Baño) eta Teatro de guerra (Lola Arias).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna