zezenketak

Iruñeko Zezenzaleen Klubari eraso dio Animalien Askapenerako Fronteak

Arrieta kaleko egoitzako kristalak puskatu eta margoketak egin dituzte. A, L eta F letrak margotu dituzte, eta uda aurretik antzeko beste batzuk bere gain hartu zituen taldeak, Animalien Askapenerako Fronteak, hori ere bere gain hartu du. Zezenzaleen Klubeko presidenteak dio 18.000 eurorainoko kalteak eragin dituztela.

Iruñeko Zezenzaleen Klubeko kristalak, erasoaren ostean, puskatuta. /
Iruñeko Zezenzaleen Klubeko kristalak, erasoaren ostean, puskatuta. / Jagoba Manterola/Foku

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko abuztuak 23

Bart gauean Iruñeko Zezenzaleen Klubari eraso diote. Arrieta kalean dago elkarte horren egoitza, eta erasotzaileek kristalak puskatu dituzte, eta margoketak egin. Margoketetan F, L eta A hizkiak irakur daitezke, Animalien Askapenerako Frontearen inizialak ingelesez: Animal Liberation Front. Talde horrek bere gain hartu zituen uda aurretik sanferminetan zezenak erabiltzearen aurkako hainbat eraso, eta bart gauekoa ere bere gain hartu du.

BERRIAri igorri dion ohar batean jakinarazi duenez, ekintza horren helburua Zezenzaleen Klubari kalte ekonomikoak eragitea izan da, eta "animalien esplotazioa babesten den leku seguru bat" dagoelako ziurtasuna "haustea". Animalien Askapenerako Fronteak azpimarratu du antiespezistak direla eta gero eta indar gehiago ari dela hartzen, "bai Euskal Herrian eta bai Espainiako Estatuan ekiten" jarraituko duela bere helburuak lortu arte. Bart gaueko erasoa Sphyrnidae azpitaldeak egin du. "Azken kaiola hutsik geratzen den arte", dio amaieran.

"Batez ere, euren helburuetarako animaliak erabiltzen dituzten pertsona, erakunde eta enpresen kontra gaude", diote oharrean. "Oraingoan, Iruñeko Zezenzaleen Klubari egokitu zaio bere egoitza nazkagarriko kristalak konpontzea, non leku seguru bat eskaintzen dien egunez egun munduko zezen plazetan eskaintzen den ikuskizun tradizional eta ikaragarriaren zaleei". Oharrean dio animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak bultzatu, normalizatu eta aldarrikatzen dituen aisialdirako gunerik egotea ez dutela nahi, "ez publikoak, ez pribatuak".

Talde antiespezistak bere helburuetako bat lortu du. Juan Ignacio Ganuza Iruñeko Zezenzaleen Klubeko presidenteak gaur goizean esan du kalteak 18.000 eurorainokoak izan daitezkeela. Erasotzaileak "naziak" direla esan du, eta talde politikoei eskatu die zerbait egiteko zigortu ditzaten, haren hitzetan inpunitatea dutelako.


Animalien Askapenerako Frontearen gaztelerazko izenaren inizialak, Zezenzaleen Klubaren kanpoaldean egindako margoketetan. / Jagoba Manterola, Foku

Geroa Baik, UPNk, PSNk eta PPk gaitzetsi egin dute erasoa. Iruñeko Geroa Baik errefusatu egin du erasoa ohar batean, eta esan du horrelakoek zaildu egiten dutela zezenen inguruko eztabaida. Geroa Bairentzat, bart gaueko erasoa edo sanferminen aurretik izandako sabotajeak ez dira abiapuntu ona eztabaida lasai eta ireki bat hasteko: "Soilik elkarrizketaren bidez bideratu daiteke".

Sanferminen aurretik hainbat sabotaje izan ziren zezenak jaietan erabiltzen direla eta. Haietako batean, Animalien Askapenerako Frontea izeneko talde batek su eman zien Gaseko ukuluei. Orduan, Animalien Askapenerako Fronteak adierazi zuen animaliak erabiltzen dituzten jarduerak geldiarazi nahi dituztela. Orduan ere margoketak egin zituzten. Erasoa ekainaren hasieran izan zenez, oraindik ez zegoen zezenik ukuilu horietan, eta kalte materialak besterik ez zen izan. Dena dela, Udalak esan zuen kalte materialak handiak izan zirela.

Sute hori piztu aurretik, ibilbideko hesiak sartzeko zuloetan porlana eta burdina bota zituen norbaitek beste ekintza batean. Animalien Askapenerako Frontearen barruko No19 taldeak bere gain hartu zituen uda aurreko ekintza horiek guztiak. Animalien sufrimendua eragiten dituzten egoerei erantzun nahi diotela adierazi dute: "Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu eta eragotzi nahi ditugu, bai eta animalien kontura aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu ere".

Bart gaueko erasoaren ostean, Javier Esparza UPNkoak esan du "askatasunaren kontrako eraso bat" dela: "Elkarbizitzaren aldeko apustua eginez jarraituko dugu guk". Iruñeko PSNren udal taldeak, erasoa gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi dio Zezenzaleen Klubari, eta, Twitterren, zinegotziek idatzi dute "biolentziarekin" ezin dela ideiarik defendatu. PPk, mezu horiez guztiez gain, adierazi du gizarte demokratiko batean ez dutela lekurik "ez biolentziak eta ez bandalismoak".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna