teknologia

Pueblako laborariak, talka uhinen aurka

Volkswagenek bertan behera utzi behar izan du Mexikon ekoitzi berri dituen autoak txingorretik babesteko erabiltzen zuen talka-uhin teknologia: lainoak desagerrarazi, eta euri sasoia behar zuena lehorte garai bihurtu du.

Volkswagenek Pueblan duen lantegiko langileak, 'beetle' edo kakalardo batekin lanean. /
Volkswagenek Pueblan duen lantegiko langileak, 'beetle' edo kakalardo batekin lanean. / EFE

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko abuztuak 23

Beste irtenbide bat bilatu beharko du Volkswagenek Mexikon Puebla hirian dituen autoak txingorretik babesteko. Lantegi hori da Volkswagenek Alemaniatik kanpo duen lantegirik handiena da. 15.000 langile ditu, eta 450.000 auto ekoizten ditu urtean. Arazo bat du, ordea, ekoitzi ondoren egurats zabalean uzten dituen autoekin. Auto lantegietan, txingorra arazo garrantzitsu bat da, kanpoan uzten dituzten autoak hondatzen baititu. 2008an, txingor ekaitz batek zenbait milioi eurotako kalteak ekarri zizkion Volskwageni Emdenen duen lantegian, Alemanian. Hori eragozteko, auto lantegi gehienek sareak edo oihal erraldoiak erabiltzen dituzte autoak babesteko.

Pueblako Volskwagenen lantegian, ordea, txingorraren kontrako kanoiak jarri zituten urte hasieran. Alemaniako autogileak teknologia horren aldeko apustua egin zuen. Kanoiek talka uhinak botatzen dituzte atmosferara ez dadin txingorra sortu. Hilabete batzuk pasatu dira, eta horrekin ez dute arazorik izan. Ondo ez, ondoegi funtzionatu du teknologia horrek, eta inguruko nekazariak kexu agertu dira aurten jasan duten lehortea eragin duelako. Gerardo Perez nekazarien ordezkariak AFP albiste agentziari adierazi dio kanoien eraginkortasunaren ondorioz laino guztiak desagertzen direla eta euririk ez duela egiten. Hala, Mexikon euri garaia izan beharko luketen hilabeteetan, maiatzetik urrira, euririk ez du egin inguru horretan.

Pueblako nekazari talde batek adierazi du 2.000 hektareari eragin diela Volkswagenek eguraldian izan duen esku hartzeak, eta, AFPk jakinarazi duenez, salaketa bat aurkeztu dute 3,2 milioi euroko kalte-ordainak eskatuz. Pueblako agintariekin bildu ostean, Alemaniako autogileak adierazi du "berehala" utziko duela bertan behera txingorraren kontrako talka-uhinen teknologia, eta sareak jarriko dituela lantegiaren kanpoaldean egurats zabalean uzten dituen autoak txingorretik babesteko. "Behin sareak jartzen ditugunean, horiek izango dira txingorraren aurka autoak babesteko erabiliko dugun sistema nagusia. Beste neurriak bigarren mailan utziko ditugu, eta soilik eskuz erabiliko ditugu".

Mexikokoa ez da talka-uhinen sistemak eragin duen eztabaida bakarra. Nissanek 2005ean ezarri zuen teknologia hori Mississippin ekoizten dituen autoak babesteko. Orduko horretan, ordea, bizilagunak kanoikaden hotsagatik kexatu ziren. Matraka ez zen nolanahikoa, gainera, ekaitz garaian sei segundoan behin egiten baitute tiro kanoiek talka uhinak botatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna