hilberria

Guillermo Ravest hil da, Allenderen azken hitzaldia eman zuen kazetaria

1973ko irailaren 11n Txileko presidentearen mezua Magallanes Irratian jaso zuen. Hogei kopia egin eta ezkutuan nazioarteko hedabideetako kazetarien artean banatuz, emankizun historiko bat jaso zuen Ravestek.

Guillermo Ravest. /
Guillermo Ravest. / El Siglo egunkaria.

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko abuztuak 23

"Berriro irekiko dira zumardi handiak, zeintzuetatik gizaki librea ibiliko den". Salvador Allende (1908-1973) Txileko presidente izan zenaren hitzak dira, 1973ko irailaren 11ko estatu kolpean hil aurretik eman zuen azken hitzaldikoak. Hitzaldi gogoangarria eman zuen Magallanes Irratian Allendek militar kolpisten bonben artean, bere buruaz beste egin aurretik, eta gaur hitz horiek jaso zituen kazetaria hil da: Guillermo Ravest. 91 urte zituen eta Mexiko Hirian zendu da.

El Siglo egunkariko kazetari izan zen eta 1973an Augusto Pinochet diktadoreak kolpe militarra eman zuenean Magallanes Irratiko zuzendari zen. Irrati hori PCCh Txileko Alderdi Komunistaren ahotsa izan zen Txileko Herri Batasunaren gobernuaren garaian. "Irailaren 11ko egun horretan Ravestek aurre egin zien militar kolpistei, horiek irratia itxi aurretik, Allenderen mezua zabalduz", gogoratu du Salvador Allende elkarteko presidente Sonia Dazak Sputnik hedabide taldearen atarian.

Kolpea hasi eta berehala, militar kolpistek Santiagoko irrati guztiek euren emankizunak bertan behera uzteko agindu zuten, eta informazioa emango zuen irrati bakarra Armadaren irratia izango zela esan zuten. Kolpistei aurre eginez, ordea, Txileko Gobernuaren egoitza bonbardatzen zuten bitartean, Ravestek Allenderen azken hitzak jasotzea lortu zuen, bere agurra, eta hitzaldi hura historiarako geratu da grabaketa harri esker. Allendek gero bere buruaz beste egin zuen, eta Txile Pinocheten diktaduran sartu zen hamazazpi urtez.

Urte batzuk geroago, Ravestek azaldu zuen estatu kolpearen egunean tabakoa erostetik itzuli berri zela Magallanes Irratiko telefono batek jo zuenean. 09:20ak ziren eta Moneda jauregiko presidentearen bulegoarekin zuzenean komunikatzen zuen telefono horrek. "Kolpistak egina zuten presidentearen jauregi historikoa bonbardatzeko mehatxua eta telefonoa hartu nuen: Allenderen ahotsa zen". Hau izan zen euren arteko elkarrizketa:

- Nor da? –galdetu zuen Allendek.

- Ravest, lagun –erantzun zuen horrek.

- Irratian hitz egin behar dut berehala, lagun.

- Emaidazu minutu bat, grabaketa prestatzeko.

- Ez, lagun. Berehala egon behar dut irratian, ez dago denborarik galtzeko.

Ravestek azaldu zuenez, telefonoa ahotik kendu gabe, "Allendek entzun zezan", estudioaren kontrolean zegoenari, Felipe Amadori, berehala zinta bat jartzeko eskatu zion: "Jarri zinta bat, Allendek hitz egin behar du eta". Eta Leonardo Caceresi presidentearen mezua iragartzeko eskatu zion. Ondoren, Allenderi esan zion: "Zenbatu, mesedez, hirura arte, lagun, eta hasi". Presidentearen mezua tiro, bonba eta hegazkinen motor hotsen artean grabatu zen,

Mezua grabatu ondoren Allendek bere buruaz beste egin zuen, militarrek bizirik harrapatu ez zezaten. Bitartean, Magallanes Irratian Allenderen mezuaren hogei kopia egin zituen Ravestek kassette banatan. Ligeia Balladares lankideak (urteetara ezkondu eta senar-emate izan ziren) eta berak elkarrekin kalera atera eta polizien eta militarren kontrolak saihestea lortu zuten. Gero atzerriko hedabideetako hogei kazetarirekin bildu eta Allenderen azken mezuaren kopia bana eman zieten; berokien azpian zituzten gordeta. "Ziurrenik hau izango da zuei zuzentzeko daukadan azken aukera", zioen Allendek bere lehen hitzetan. Hitzaldiak sei minutu irauten ditu eta 612 hitz ditu. Allenderen ahotsaren atzean, Ravestena ere entzun daiteke.

Gertakari eta bizitako une horrek betirako baldintzatu zuen Ravest. Estatu kolpearen ostean, erbestera egin zuten Ravestek eta Balladaresek, eta Sobietar Batasunean bizi izan ziren. Han Alderdi Komunistarena zen Mosku Irratian egin zuen lan. Entzun Txile saioan lan egin zuten, Magallanes Irratiaren emankizun bat bailitzan, eta mundu osoan entzuten zenez, diktadurak informazioaz zuen kontrola haustea lortu zuten. "Mexiko Hiriko Txile Etxera oso albiste gutxi iristen zitzaizkigun garai horretan, diktaduraren zentsuragatik, eta Guillermoren lana ezinbestekoa izan zen horrekin hausteko", dio Dazak. Salvador Allende elkarteko presidentea ere erbestean zen orduan eta azaldu du buletinak egiten zituztela Ravestek osatutako informazioekin eta gero Mexikoko eta beste herrialde batzuetako egunkarietara bidaltzen zituztela.

Entzun Txile saioan herrialde horretan izaten ziren krimenen eta torturen berri eman zuen Ravestek, Balladaresekin eta beste lankide txiletar batzuekin batera. Txiletik bidaltzen zizkieten euren berriemaileek han gertatzen zenaren berri. Diktaduran iraun zuen garaian izan zen nazioarteko irratiaren uhinetan saio hori, 1973tik 1989ra. Diktadura amaitu ondoren, Mexiko Hirian geratu ziren bizitzera betiko Ravest eta Balladares familiarekin; hango paisaiak Txilekoa gogorarazten ziola esaten zuen Ravestek. Mexikoko hainbat hedabidetan egin zuen lan, batik bat irratian, eta Chapingoko Unibertsitateko irakasle izan zen. Irakaskuntzan aritu aurretik hiru liburu argitaratu zituen. Unibertsitatetik gertu bizi zen, Texcoco herrian, Mexiko Hiriaren ekialdean, eta bere etxea ezkerreko hainbat militanteren topaleku izan zen. Ligeia Balladares han hil zen 2012an 86 urterekin.

Bere heriotzaren berri izan ostean, Mosku Irrati historikoan bere lagun eta lankide zirenek eta horren ondorengo den Sputnik Irratian lan egiten jarraitzen dutenek doluminak agertu dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna