HEZKUNTZA

Nafarroan "inoizko babesik zabalena" izan duen hezkuntza ituna sinatu dute gobernuak eta sindikatuek

ELAk ez beste sindikatu guztiek baiezkoa eman diote Hezkuntza Departamentuaren proposamenari.

Solana kontseilaria eta sindikatuetako ordezkariak (ezkerretik eskuinera, UGT, Anpe, Afapna, LAB, Steilas eta CCOO) hitzarmena sinatzen, gaur goizean. /
Solana kontseilaria eta sindikatuetako ordezkariak (ezkerretik eskuinera, UGT, Anpe, Afapna, LAB, Steilas eta CCOO) hitzarmena sinatzen, gaur goizean. / NAFARROAKO GOBERNUA

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 24

Nafarroako Gobernuak eta ELA ez beste hezkuntzako sindikatu guztiek irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hezkuntza kontseilari Maria Solana Aranak eta LAB, Steilas, Afapna, CCOO, Anpe eta UGT sindikatuen ordezkariak izan dira ekitaldian.

Sinatutako hitzarmenak Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrez aurreko eskola orduetatik bi ordu murriztea ekarriko du. Haur eta Lehen Hezkuntzan, hastear dagoen ikasturtean sartuko da indarrean neurri hori; Bigarren Hezkuntzan, berriz, 2019ko irailean hastea aurreikusten da hitzarmenean. Hobekuntza horien artean jaso da, besteak beste, 55 urtetik gorako irakasleen lan orduak murriztea jaso da, eta irakasleen eta eskolako langileen ordezkapenak egiteko sistema azkartzea.

Steilas izan da Hezkuntza itunera batzen azkena. Atzo arratsaldean adierazi zuen Nafarroako Gobernuaren proposamenari "baiezko kritikoa" emanen diola. Hortaz, ituna izenpetu dute gaur mahai sektorialeko zazpi sindikatuetatik seik. ELAk aurretik iragarri zuen ez ziola dokumentuari atxikimendurik adieraziko, "ez dituelako lehengoratzen azken urteetan ezarritako murrizketak".

Steilas ere kritiko azaldu da Hezkuntza Departamentuaren proposamenarekin, baina gehiengoari batu zaio azkenean: "Uste dugu itunean negoziazioari esker jasotako neurriak baliagarriak izan daitezkeela irakasleen lan baldintzak eta Nafarroako hezkuntza publikoaren egungo egoera hobetzen hasteko. Hala ere, oraindik neurriok zehaztea falta da, eta haietan sakontzea, lortu nahi ditugun emaitzak erdiesteko", adierazi du sindikatuak, ohar batean.

Zehazki, Steilasek salatu du itunean jasotako neurri batzuk ez direla indarrean jarriko 2019-2020ko ikasturtera arte. "Itun honen bidez, gobernuak in extremis betetzen badu ere hezkuntzari dagokion programa akordioa, itunean jasotako neurri gehienak ezin izango dira martxan jarri 2019-2020ko ikasturtera arte. Hau da, hurrengo legegintzaldira arte".

Itunak 2018-2022ko urteetako lan baldintzak ezartzen ditu, eta bi dokumentuk osatzen dute: batetik, irakasleen lan baldintzei buruzkoa; bestetik, ikastetxeen funtzionamendua egokia izateko baldintzak arautzen dituena. Itunaren helburu orokorra da irakasleen lan baldintzak lehengoratzea; hau da, murrizketak egin aurretik zuten egoerara itzultzea.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna