Memoria historikoa

Olarizuko gurutze frankista kentzea erabaki du Mendiolako kontzejuak

Gurutzea asmo erlijiosoarekin eraiki zuten, 1953. urtean, baina erregimen frankistak zentzu politikoa eman zion, 1936ko gerran Errepublikaren aldekoek hil zituzten apaizak omentzeko. Urtaranek gurutzerik ez dutela eraitsiko adierazi du.

Olarizuko gurutzea, Kutzemendi izeneko muinoaren gainean
Olarizuko gurutzea, Kutzemendi izeneko muinoaren gainean Juanan Ruiz / Foku

Jon Rejado -

2018ko abuztuak 24

Mendiolako herritarrek Olarizuko tontorrean dagoen gurutzea kentzearen alde bozkatu dute, edo eraitsiz, edo bertatik erretiratuz. 1952. urtean eraiki zuten ikur frankista hori, Mendiolako kontzejuaren lurretan. Beraz, Espainiako Memoria Historikoaren Legea betetzea erabaki dute.

“Askapenerako gurutzadan gure aberriaren eta Kristoren alde eroritako” apaizei egiten die omenaldia Olarizuko gurutzeak. Jatorrian, 1951ko azaroan Gasteizen ospatutako Misio Santua gogoraraztea zuen helburu, baina erregimen frankistako agintarien zentzua aldatu zioten.

Ibon Urizar Mendiolako administrazio batzarreko fede emaileak azaldu du erabakia herrian egindako hausnarketa baten ondorioa dela. Gaia eztabaidatzeko batzar monografiko bat egin zuten, eta herritarrek  proposamenak egiteko aukera izan zuten. Hiru proposamen bozkatu ziren, eta gurutzea  kentzea erabaki zuten, botoen %70 ingururekin.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gurutzea eraistea baztertu du gaur goizean prentsari egindako adierazpenetan. Gasteizko Udalak gurutzerik ez duela kenduko gehitu du. Urtaranek adierazi du monumentua ez zela diktadurari ohore egiteko sortu. Gaineratu du erregimen grankista bera izan zela zentzu plitikoa eman ziona.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna