Altsasuko auzia

Zaballara ekarri dituzte Altsasuko gazteetako bi

Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea gazteak dira Madrilgo Soto de Realgo kartzelatik Zaballakora (Iruña Oka, Araba) ekarri dituztenak. Zenbait hedabideren arabera, datorren astean Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urrizola ere gerturatuko dituzte, baina senideek ez dute horren berririk oraindik.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean./
Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean./ Juanan Ruiz/Foku

Berria -

2018ko abuztuak 24

Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auzian epaitutako bi gazteak Zaballako kartzelara ekarri dituzte. Altsasuko gazteen gurasoek Twitterren duten kontuan jakinarazi dute Zaballako espetxetik bertatik hots egin dietela telefonoz gaur goizean. Adierazi diete elkarrekin daudela eta gainerako gazteak aurki batzeko esperantza dutela.

Soto de Realgo (Madril) kartzelatik ekarri dituzte Arabakora. Joan den ortziralean jakin zuen BERRIAk gerturatuko zituztela. Berri agentziek zabaldu dutenez, asteazkenean atera ziren Madrildik, eta gaur goizean iritsi dira Zaballako espetxera. Datorren ortziralean, auzi berean epaitutako Aratz Urrizola ere hara mugituko dutela zabaldu du El Correo kazetak. Euskadi Irratiak, berriz, Adur Ramirez de Alda Iruñeko kartzelara ekarriko dutela zabaldu du.

Altsasuko zortzi gazteri kartzela zigorra ezarri zieten aurtengo ekainaren 1ean, kaleko jantzitako bi guardia zibil eta haien bikotekideak jotzea leporatuta. 2016ko urriaren 15eko goizaldean liskarra izan zen gazteen eta guardia zibilen artean, taberna batean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen aretoko epaimahaiak 79 urteko kartzela ezarri zien guztira zortzi gazteei. Zortzietatik zazpi daude espetxean.

Espainiako Guardia Zibilak ekainaren 5ean atxilotu eta espetxeratu zituen Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Iñaki Abad eta Aratz Urrizola. Oihan Arnanz, Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno, berriz, espetxean daude 2016ko azarotik. Ainara Urkijori bi urteko kartzela zigorra jarri zioten, eta ez dago espetxean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna