Indarkeria sexista

Eraso matxistak giza eskubideen urraketak direla esan du Bilboko Udalak

Aste Nagusiko erasoak salatzeko agiri bat adostu dute ordezkaritza duten sei alderdiek.

Bilboko konpartsen bilkura, pasa den astean, jaitetan izan zen eraso baten aurka. /
Bilboko konpartsen bilkura, pasa den astean, jaitetan izan zen eraso baten aurka. / Monika del Valle/Foku

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abuztuak 27

Bilboko Udalak "irmotasunez" salatu ditu Aste Nagusian izandako eraso sexistak. "Ekintza hauek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza eskubideen urraketa larri eta jasanezia dakarte berez". Ordezkaritza duten sei alderdiek adostu duten agirian, Bilboko Udalak gogorarazi du eraso horiek eguneroko indarkeria matxistaren isla dela.

Bilbotarrei dei egin diete halako erasorik onar ez dezaten: "Ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditugu". Udalak ohartarazi du erasoen aurrean bilbotarrak ezi direla isilik geratu. Era berean, erasotuak izan direnei babesa agertzeko eskatu die: "Banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean". Mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du udalak. 

Bilboko Konpartsek hirutan aktibatu dute erasoen aurkako protokoloa. Atzo arte lau eraso salatu dira Poliziaren aurrean. Hala ere, Konpartsek eraso gehiagoren berri izan dute. "Gutxienez zortzi" aipatu dituzte, baina "askoz gehiago" izango zirelakoan daude, gehienak ez direlako salatzen.

Udalaren jarrera eta eraso sexistak salatu dituzte Bilboko Konpartsek

Bederatzi egunez Bilboko jaien bihotza izan diren txosnak desmuntatzen hasi dira Bilboko Konpartsak. Hamaiketakoaren orduan, atsedenaldia egin dute, komunikabideen aurrean Aste Nagusiaren balantzea egiteko. Marijaiaren 40. urtebetetzea "ospakizun gogoangarria" izan dela iruditu zaie. "Denok geunden gonbidatuta urtebetetze festa honetara, eta inork ez du kale egin: jaigunea jendez gainezka egon baita egunero". Arrakastaren datuak aipatu dituzte: 617 lapiko, sukaldaritza lehiaketetan; 1.915 lasterkari, hiri krosean; euskara erabiltzeko 5.000 lagunen konpromisoa, Biziprest egunean... Konpartsek, guztira, 545 ekitaldi antolatu dituzte.

Urteurreneko jaien puntu beltza eraso sexistak izan dira, beste behin. Hiru aldiz aktibatu da erasoen aurkako protokoloa. "Gonbidatu ez ditugunak agertu dira, tamalez, urtebetetze festa honetara. Ez dugu nahi erasotzaileak gure jaietatik modu askean eta inpunitate osoz ibiltzerik". Erasotzaileen aurrean "adi" jarraituko dutela esan dute. "Jai eremutik bota ditugu eta botako ditugu; autodefentsa eta elkarren zaintza sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu".

Udala ere kritikatu dute. Festara "gonbidatu astunak" bidali dituela egotzi diote. Izan ere, konpartsek uste dute Polizia gehiegi egon dela jai eremuan, eta festen "militarizazioa" salatu dute. Horrez gainera, pregoilariaren eta txupineraren irudiak udalaren kanpaina baterako erabili izana txarretsi dute. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna