Euskal presoak

Marlaskak espetxe politikaz azalpenak emango ditu asteazkenean

Espainiako Kongresuko Barne Batzordean hitz egingo du ministroak.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, uztailaren 11n.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, uztailaren 11n. Javier Lizon / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 27

Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorreko Mahaia gaur eguerdian batzartu da, eta bertan onartu ditu ministro ugariren agerraldiak. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa izango da kongresuan mintzatuko direnetako bat.

Hain justu, Grande-Marlaskak berak eskatu zuen agerraldia. Besteak beste, azalpenak eman nahi ditu euskal presoekiko espetxe politikan Espainiako Gobernuak hartu nahi duen norabidearen inguruan. Zehazki, "ETA erakunde terroristako preso ugariren egoeraren inguruan" eman nahi ditu xehetasunak".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu zutenetik, euskal presoekiko bestelako politika bat abiatzeko asmoa adierazi zuten Sanchezek berak eta Grande Marlaskak. Harrezkero, bost izan dira Euskal Herriratutako presoak. Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo izan ziren aurrenekoak; hirugarren gradua eman zieten biei, eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aldenduta daude biak. Alfredo Remirez izan zen hurrengoa, Darocatik Iruñeko espetxera ekarrita.

Joan den astean, berriz, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteak lekualdatu zituzten, Madrilgo Soto del Realetik Zaballara (Araba). Auzi berean zigortutako Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urruzola izan litezke Euskal Herriratutako hurrengo presoak. Udan zehar lekualdatze gehiago egon zitezkeela iragarri zuen Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkariak, baina Foro Soziala "kezkatuta" agertu zen joan den astean Sanchezen gobernuak urratsik egin ez duela eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna