Jaiak

Badatoz iraileko Euskal Jaiak

Gipuzkoako herri askotan ospatzen dira Euskal Jaiak irailean. Hona hemen nagusienen agenda.

Zarauzko Euskal Jaietan, jendea dantzan, 2016an.
Zarauzko Euskal Jaietan, jendea dantzan, 2016an. Jon Urbe/Foku

Berria -

2018ko abuztuak 28

Iraileko asteburu guztiak pasatu daiteke Euskal Jaiz Euskal Jai, Gipuzkoan. Toki gehienetan egun bakarrean zentratzen da jai nagusia nahiz eta aste osoko egitarautxoarekin lagunduta etorri ohi den.

-Donostia, irailaren 1etik 9ra:

Era guztietako ekitaldiak egiten dituzte Gipuzkoako hiriburuan, Euskal Jaien baitan: gastronomia, eskulangintza, kirola, bertsolaritza, dantza... Larunbatean hasiko dute jaia, Sagardo Egunarekin, eta amaiera irailaren 9an izango du Kontxako badian jokatuko den estropadarekin.

-Ordizia, irailak 5:

Azoka berezia egiten da irailaren aurreneko igandearen ondorengo asteazkenean Ordizian. Euskal Jaia ospatzen dute egun horretan, eta Idiazabal gazta txapelketa eta gazta irabazlearen enkantea egiten dute. Ez hori bakarrik, fruta eta berdura lehiaketak, oiloarenak eta beste ere izatean dira. Egitaraua osatzeko, trikitilariak, bertsolariak eta pilota partida jarri ohi dituzte.

-Zarautz, irailak 9:

Egun osoa baserritar jantzita pasatuko dute Zarautzen milaka lagunek, irailaren 9an. Trikiti doinuak nagusi izaten dira kalean, eta dantzara lotzen zaio jendea edozein bazterretan. Eguerdian musika plazan izaten da jendea dantzan, eta arratsaldean Inurritza aldean izaten da erromeria nagusia. Berezia izaten da Alproja taldeak urtero prestatzen duen antzezlana.

-Urretxu, irailak 23:

Arratsaldean izaten diren karrozak izaten dira Urretxuko Euskal Jaiaren ezaugarri nagusia. Desfilea eta lehiaketa egiten baitituzte. Santa Anastasia jaien barruan ospatzen dute eguna, urtero, igandez. Goizean azoka ere izaten da. Baserritar jantzian, erromeria, dantza eta kanturako aukera asko izaten da.

Horiek dira nagusienak, baina Hernanin ere ospatzen dute Euskal Jaia, irailaren 13an, eta baita Deban ere, hilaren amaieran. Gainera, Gipuzkoan eta irailean ez ezik, urteko beste data batzuetan ere egiten dira antzeko jaiak: esate baterako, Durangon eta Eibarren udaberrian ospatzen dituzte.

Baina, non gehiago ospatzen dira Euskal Jaiak irailean? Euskal Jai gehiagoren berri baldin baduzu, eman haren berri twitterren, #IrailekoEuskalJaiak traola erabilita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna