Lan istripua

Hil egin da Gasteizko Michelinen ezbeharra izandako langilea

Prestatzen ari zen plataforma jasotzailearen eta hesi baten artean zapalduta gelditu zen igande goizean 43 urteko gizona. Postari bat ere hil da gaur Gasteizen, lanean ari zela.

2016k irudia, Gasteizko Michelinen jazotako lan istripu hilgarri bat salatzeko elkarrretaratzea.
2016k irudia, Gasteizko Michelinen jazotako lan istripu hilgarri bat salatzeko elkarrretaratzea. Juanan Ruiz / @foku

Irune Lasa -

2018ko abuztuak 28

Michelinen Gasteizko lantegian samina nagusi da, gaur hil egin delako igandean istripu larri batean zauritutako 43 urteko lankidea. Iturri sindikalek Efe agentziari baieztatu diotenez, atzo medikuek sedazioa kendu zioten langileari, organoek erreakzionatzen ote zioten ikusteko, baina ez zen izan erantzunik, eta atzera koma induzituan ezarri zuten.

Ezbehar hilgarria igande goizean gertatu zen. Pneumatikoak egosteko prentsa batean plataforma jasotzaile batekin lan egiteko prestaketetan zebiltzan bi langile, goragune batean aritu behar zuten eta. Bietako bat pieza baten bila joan zen, eta handik tarte batera lankideari deitu zion galdera bat egiteko. Ikusita besteak ez zuela erantzuten, langilea atzera plataforma zegoen tokira itzuli, eta konturatu zen lankidea harrapatuta zegoela, plataforma jasotzailearen eta hesi baten artean zapalduta.

Berehala askatu zuen, eta eremuko arduradunari dei egin zion. ESK sindikatuaren arabera, azken hori saiatu zen suhiltzaileak eta fabrikako medikua ezbeharraz ohartarazten, baina lantegi barneko telefonoa ez zebilen. Arduradunak medikua zegoen tokiraino joan behar izan zuen. Orduan bai, anbulantzian bertaratutako medikuak zauritua suspertzea lortu zuen, gero Gasteizko ospitalera eramateko. ESKren arabera, istripua gertatu zenetik langilea ospitalera iritsi arte 40 minutu pasatu ziren, eta tarte hori txikiagoa izan zitekeen.

Enpresako zuzendaritzak jada ikerketa zabaldu du gertatutako guztia argitzeko, eta arratsalde honetan bilera egingo du sindikatuekin. Ondoren, biltzekoa da langileen batzordea.

Ezbeharra posta banatzen

Beste langile bat ere hil da gaur goizean Gasteizen lan ezbehar batean. Correoseko 39 urteko emakumezko langilea posta banatzen ari zen motozikleta batean, eta furgoneta bat jo du. Sindikatuetako iturrien arabera, hildakoa aldi baterako langilea zen Correosen, eta orain gutxi egin zioten kontratua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna