EUSKAL PRESOAK

Presoak "legediaren eta bakarkako irizpideen arabera" hurbiltzeko asmoa azaldu du Marlaskak

Udan eginiko urrats eskasak baliatu ditu Espainiako Barne ministroak PPri erantzuteko: "Uztailetik zenbat lekualdatze egin dira?".

Fernando Grande-Marlaska, gaur Espainiako Kongresuan eginiko agerraldian.
Fernando Grande-Marlaska, gaur Espainiako Kongresuan eginiko agerraldian. Fernando Alvarado / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 29

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agerraldi bat egin du gaur Espainiako Kongresuan, hark eskatuta, besteak beste azalpenak emateko Pedro Sanchezen gobernuak euskal presoekiko ezarri nahi duen espetxe politikaren inguruan.

Xehetasunik ez du eman, ordea. Azaldu du "bakarkako trataera" emango diela presoei, eta "legaltasuna beteko" duela. Gogorarazi du espetxe administrazioaren helburua, zigorrak betetzen direla bermatzeaz gain, presoen gizarteratzea dela, eta hori ez dela salbuespen euskal presoen kasuan: "Eboluzio positiboaren zantzuak eman dituzten presoei graduz aldatzeko eta Euskal Herriratzeko aukera eman zaie".

Grande-Marlaskaren esanetan, hirugarren gradua lortzeko baldintzak Espainiako Zigor Kodearen 72.6. artikuluan jasotzen dira: "Erantzukizun zibila ordaintzea, bitarteko terroristak uztea, barkamena eskatzea eta autoritateekin elkarlanean aritzea". Hori horrela, azaldu du Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo presoak Basauriko kartzelara lekualdatzeko erabakia "hirugarren gradua betez" hartu zela: "Sanzi otsailean eman zitzaion hirugarren gradua, PP agintean zegoenean. Morenori, apirilean, PPk gobernatzen zuenean. Aurretik, 2016an, Madrildik Villabonara eraman zituzten; ez zen inor kexatu".

203 preso lehen graduan

Datuak ere eman ditu: 203 euskal preso lehen graduan daude, 28 bigarren graduan eta bi hirugarrenenean —Sanz eta Moreno—. Horietatik 205 gizonak dira eta 28 emakumeak. Gradu aldaketari dagokionez, gogorarazi du euskal presoen egoeraz txosten bat eskatu zuela PPren gobernuak otsailean. Txosten hori erabiliko dute gradu aldaketak aztertzeko.

Bestalde, azpimarratu du presoak espetxez aldatzea ez dela "onura" bat; onurak, espetxe legeriaren arabera, zigorrak betetzeko denborari egiten diola erreferentzia, eta jada "lanean" ari direla gaineratu du, "lasai" eta kasuz kasu aztertzen. Sakabanaketa politka aldatu beharra babestu du: "ETA garaitua izan da. Sakabanaketa arrakastatsua izan da ETAren terrorismoaren aurkako borrokan". Gogorarazi du PPren gobernuak, Jorge Fernandez Diaz ministro ohiaren bidez, espetxe politika moldatzeko asmoa agertu zuela ETA deseginez gero.

Grande-Marlaskak galdera batekin erantzun dio PPri: "Uztailetik zenbat lekualdatze egin dira? Egongo dira, baina legediaren, objektibotasunaren eta bakarkako irizpideen arabera. Horrez gain, biktimekiko "konpromiso irmoa" agertu du: "Haiekin harremanetan jarriko naiz urrats bakoitzean. Ez dugu kritika faltsurik edo biktimak erabiltzerik onartuko. Koherentzia eta leialtasuna eskatzen dut".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu zutenetik, euskal presoekiko bestelako politika bat abiatzeko asmoa adierazi zuten Sanchezek berak eta Grande Marlaskak. Harrezkero, bost izan dira Euskal Herriratutako presoak. Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo izan ziren aurrenekoak; hirugarren gradua eman zieten biei, eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aldenduta daude biak. Alfredo Remirez izan zen hurrengoa, Darocatik Iruñeko espetxera ekarrita.

Joan den astean, berriz, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteak lekualdatu zituzten, Madrilgo Soto del Realetik Zaballara (Araba). Auzi berean zigortutako Adur Ramirez de Alda eta Aratz Urruzola izan litezke Euskal Herriratutako hurrengo presoak. Udan zehar lekualdatze gehiago egon zitezkeela iragarri zuen Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkariak, baina Foro Soziala "kezkatuta" agertu zen joan den astean Sanchezen gobernuak urratsik egin ez duela eta.

"Legezkoa, bai; derrigorrezkoa, ez"

PPko diputatu Mari Mar Blanco oso gogor mintzatu zaio Grande-Marlaskari, kritikatuta presoak gerturatzea "legezkoa" izan daitekeela, baina "derrigorrezkoa, ez". Blancoren hitzetan, espetxe politika ez zegoen PPren agendan hura gobernuan zegoenean, ezta PSOErenean ere: "Hori aldatu da zentsura mozioaren ostean". Horrela, espetxe politika aldatzeko asmoa eta Poliziaren Biktimen Legearen aurkako helegitea erretiratu izana EAJri eta EH Bilduri eginiko ordain gisa ulertu du PPk: "Biktimen memoria ezin da erabili bost botoren truke [EAJko parlamentari kopurua]".

Gainera, Blancok gogora ekarri du Grande-Marlaskak epaile zen garaian emandako ebazpen bat: "2015ean 71 urteko preso bat gerturatzeari uko egin zenion, biktimekiko errespetuz". Haren ustez, ETA desegin eta gero, "egiazko kontakizun bat osatzea" dagokie orain PPri eta PSOEri: "Garaile eta garaituena".

"Independentistei eta bilduetarrei bidesaria" pagatzea egotzi dio Miguel Angel Gutierrez Ciudadanoseko diputatuak Grande-Marlaskari, eta eskatu dio ez dezala "ETA saritu hiltzeari uzteagatik".

Bestela jardun du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak. "Harrituta" azaldu da ministroak agerraldia eskatu duelako baina pausorik ematen ez duelako: Ulertzen dut PPren eta Ciudadanosen jarreragatik dela". Gogorarazi du gerturatzea preso orori dagokion eskubidea dela eta horretarako baldintzarik ez dagoela. Eta galdera erantsi du: "Noizko adierazpenekin bat datozen ekintzak?".

Presoak gerturatzea eta gradu aldaketa gai ezberdinak direla ohartarazi du Beitialarrangoitiak: "Lehen gradutik bigarrenera igarotzeko behar den bakarra da arrisku handiko presoa ez dela frogatzea". Oroitarazi duenez, bigarren gradura igarotzeko eskatu duten euskal preso guztiei ezezkoa erantzun die espetxe administrazioak, horiek kartzeletan gatazkarik izan ez badute ere. 

ETAren aurkako jardunean PPk "akordio guztiak apurtu" zituela azpimarratu du Mikel Legarda EAJko diputatuak, eta, Beitialarrangoitiarekin bat eginez, gogorarazi du preso orori dagokiola senide eta ingurukoengandik gertu egoteko eskubidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna