Industrialde eta enpresa poligonoak berritzeko laguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Laguntzetan 4,6 milioi banatuko dira datozen bi urteetarako. Industrialdeek, udal eta foru aldundiek eta enpresa elkarteek eskatu ditzakete.

Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia sailburua eta Javier Zarraonandia industria sailburu ordea, gaur, Zuatzun.
Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia sailburua eta Javier Zarraonandia industria sailburu ordea, gaur, Zuatzun. Juan Carlos Ruiz / Foku

Irune Lasa -

2018ko abuztuak 29

“Herri bakoitzean bat edo bi industria gune ditugu eta asmoa horiek eraberritzea da, beste itxura bat ematea, erakargarriagoak izan daitezen, ekimen eta enpresa berriak, jarduera berriak bertan ezarri ahal izateko”. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak Donostiako Zuatzu enpresa poligonoa aukeratu du industria eta enpresa guneak berritzeko Renove plan modukoa aurkezteko.

Bi urterako deialdia ostiralean zabalduko da, 4,6 milioi euroko kopuruarekin. SPRIren bitartez bideratuko dira urbanizazio, birsorkuntza eta eraberritzeetarako diru laguntzak, 3,1 milioi euro guztira. EEEk, berriz, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko proiektuak lagunduko ditu, 1,5 milioi eurorekin. Industrialdeek, udal eta foru aldundiek eta enpresa elkarteek hartu ahalko dute parte deialdian.

Krisiaren ajeak

Arantxa Tapiak Zuatzu “ondo dauden” poligonoen adibidetzat jartzearekin batera, “horren ondo ez dauden poligono eta industria guneak” egon badaudela aitortu du. “Krisiarengatik eraikinak hustu egin direlako, enpresak itxi edo joatean; edota eraikuntza lanak bukatu gabe gelditu direlako. Eta bestela ere, errepideak zaharkituak gelditu direlako edo energiaren ikuspuntutik klimatizazio kaskarra dutelako... hainbat gai daude hobetzekoak”.

Garapen Ekonomikoko sailburuaren ustez, une egokia da halako asmo baterako. “Krisialditik ateratzen ari garen honetan, jarduera berriak martxan jartzen ari direnean, guk ere zerbait egin beharko dugu”. Hori bai, Tapiak baztertu egin du industria eta enpresa gune berriak egiteko beharra. “Une honetan jarduera dago, poligonoetan lurraren eskaera dago. Baina dagoeneko dauden industria guneak era egokian baliatu behar ditugu, soilik behar beharrezkoa denean egin behar dira berriak. Adibidez, Babcocken gune guzti hori erabiltzeke dagoela, ez litzateke logikoa beste gune berri bat irekitzea”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna