Kirola

Berdintasunerako bidea eginez

Gaur egun kirol proba askotan emakumezko zein gizonezkoek sari berdinak jasotzen dituzten arren, urte luzeetan ez da horrela izan. Hona hemen Euskal Herriko kirol froga batzuetan emakume zein gizonek jasotzen duten sarien inguruko errepasoa.

Marisol Ramirez/Foku

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko irailak 1

Kontxako Banderako jokatuko dute bihar eta datorren igandean Donostiako Kontxako badian. Azken egunetan, ordea, Kontxako Banderaz gain zeresana eman du lehen aldiz emakume eta gizonen artean irabazleari ematen zaion sari ekonomikoak berdindu izanak. Donostiako Udalak, aurten, lehen aldiz diru sari kopuru bera emango die bi kategorietan irabazten duten traineruei. Orain arte, emakumeek diru sari txikiagoa jasotzen zuten.

Euskal Herriko kirol proben errepaso bat eginez gero, ikus daiteke sari ekonomikoak ematerako orduan azken urteetan berdintasunerantz jotzeko joera orokorra egon dela. Hala ere, gaur egun egoera hori egoteak ez du erran nahi beti hala izan denik. Isabel Dumall triatleta izan da ezberdintasun hori bizi izan duen kirolarietako bat. Triatloian hasi zenean, orain hogeita hamar urte, gizonek emakumeek baino diru sari altuagoak jasotzen zituztela kontatu dio BERRIAri. Desberdintasunak nabarmenak ziren garaian, Dina Bilbaok hauek gutxitzeko egin zuen lana nabarmendu du triatletak. Egun, sari ekonomikoak berdindu diren arren, babesleek ematen duten dirua oraindik kasu askotan ezberdina dela oroitarazi du Dumallek.

Euskal Herriko probetako batzuen errepasoa

Mundu mailan ezagunenetakoa den Zegama- Aizkorri mendi maratoian, sari ekonomiko bera jasotzen dute gizonezko zein emakumezkoek. Euskal Herria Mendi Erronkak eta Ehunmilak mendi lasterketek ere sari ekonomiko bera ematen die bi kategorietako lehendabizikoei.

Maite Maiora, aurreko urtean Zegama-Aizkorri irabazi berritan./ Andoni Canellada, FOKU

Lasterketa herrikoiagoetara jo ezkero ere antzeko egoera aurki daiteke, nahiz eta hemen ezberdintasunak nabarmenagoak diren. Beasaingo San Silbestrean, erraterako, lehen hogeiak saritzen dira, hauek gizon edo emakumezkoak diren kontuan hartu gabe. Sara Trailen, berriz, berdin saritzen dira emakume zein gizonezkoak.

Aurkakoa jazo zen, ordea, orain gutxi Zierbenan egin zen Peñonerako igoeran. Aimar Alonsok azken egunetan Twitter bidez salatu duenez, erabateko desberdintasuna egon zen emakumezko eta gizonezkoei lasterketa irabazteagatik emandako sarietan. Lehen gizonezkoak, txapela eta 150 euroko garaikurra lortu zituen froga irabazteagatik; lehen emakumeak, ordea, garaikurra eta afari bat.

Surfa da nazioartean ezberdintasun nabarmenak dituen kiroletako bat. Zarautz Pro Surf, Euskal Herrian egiten den lehiaketa garrantzitsuenean, ordea, sari ekonomiko bera jasotzen du emakume eta gizon txapeldunak 2017. urtetik aurrera. Egun, Surf munduan sari berdinak ematen dituen lehiaketa bakanenetakoa da, gainera,  Zarautz pro Surf. 

Zarautz Pro Surf, surf lehiaketa, artxiboko irudi batean./ Lander Fernandez de Arroyabe

Euskal Herrian egiten den igerialdi ezagunenetakoa da egun Getaria-Zarautz froga. Hemen ere sari berdinak jasotzen dituzte emakumezko zein gizonezkoek. Donostiako Kontxako zeharkaldian ere, saria berbera izaten da bi kategorietako irabazleentzat.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna