Migratzaileak

Irungo Harrera Sareak migratzaileentzako eguneko zentro bat eskatu du

Irunen migratzaileentzat zabaldutako zentroan agertutako pintaketak salatu ditu elkarteak. Egun 150 pertsona inguruk osatzen dute sarea, eta haiek arduratzen dira migratzaileei laguntzeaz.

Hamabost pertsonari ematen diote aterpe Irungo Lakaxita gune okupatuan. /
Hamabost pertsonari ematen diote aterpe Irungo Lakaxita gune okupatuan. / Gora Rubio/Foku

Arantxa Iraola - Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko irailak 1

Irunen (Gipuzkoa) migratzaileentzat zabaldu berri duten Martindozenea zentroa albiste pozgarria da Harrera Sareko kideentzat. Ordea, Aizpea Babazek aitortu duenez, ez da nahikoa. "Eguneko zentro bat behar da, gaixo daudenei edota haurrei laguntza eta baliabideak eskainiko dizkiena, besteak beste, medikuarenera joateko eta otorduak izateko". Lan horiek guztiak Harrera Sareak egiten ditu orain; zehazki, hura osatzen duten 150 pertsonek.

Plataformaren azken helburua desagertzea da, betiere bermatutakoan gaur egun eurek dituzten ardurak instituzioek hartu dituztela beren gain. Bide horretan lehen pausoa migratzaileei "arta egokia" eskaintzea da; besteak beste, aterpean lo egiteko bost gaueko muga alde batera utzita. "Uneotan hamabost pertsona daude Irungo Lakaxita gune okupatuan lo egiten, migratzaileentzako zentroetako bost eguneko muga gainditu dutelako".

Migratzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute Irunen, Harrera Sareak deituta. Jende ugari bildu da, iheslarientzako "harrera duina" eskatzeko. Hara bildu direnek izan dute aukera migratzaile baten zuzeneko testigantza entzuteko ere. Hark azaldu du nola, Baionaraino heldu ostean, handik Irunera itzuli zuten, udaletxera jotzeko esanez: "Arratsaldeko bostetan heldu ginen, eta udaletxean ez zegoen inor guri laguntzeko. Hala, geltokian egin behar izan genuen gaua".

Harrera Sareak izandako ibilbidearen balorazioa ere egin dute elkarteko kideek. Uztailaren 27tik gaur bitarte, 750 otordu baino gehiago eman dituztela esan dute, eta, horrez gain, irundarrek emandako arropa jasotzeko lanetan aritu direla. Orain, gaixoak laguntzeko boluntario taldea sortu berri dute.

Donostian ere, laguntza eske

Donostian, udalari eskaera zuzena egin dio migratzaileei laguntzen dien sareak, har ditzala egun eurek artatzen dituzten hamalau migratzaileak. Elkarteak gogorarazi du Markel Olano diputatu nagusiak berak esan zuela "arreta osoa" emango zietela Gipuzkoan geratu nahi zuten migratzaileei. "Erraza behar luke 14 lagun hauei laguntzeko baliabideak lortzeak". Aldundiari eskatu diote bete dezala emandako hitza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna