Futbola

Athleticek zazpigarrenez irabazi du Euskal Herria kopa

Hasieratik izan dira nagusi zuri-gorriak, eta Reala kontrakarrean aritu da.

Athletic

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 1

Zuri-gorriek aise menderatu dute Reala, Zornotzako Urritxe futbol zelaian: €ˆ5-1. Astebete falta da liga hasteko, eta Joseba Agirreren taldeak erakutsi du talde osatua dela, eta denbora daramala joko molde berarekin. Reala, berriz, atzean bigun samar aritu da, eta, erasoan, jokaldiak kostata lotuz. Gonzalo Arkonadak badu lana taldea bateratzeko.

Athletic nagusi izan da hasieratik, eta min handia egin dio Realari kontraeraso bizkorren bidez, baita aurrean estutuz ere. Hala ailegatu da lehen gola. Realeko atzelariek ez dute baloia ondo atera, eta area ertzetik Leiak jaurtitako baloiak eskuetatik ihes egin dio Oihana Aldai atezainari. 

Hortik aurrera, Athleticek ondo kudeatu du partida, jokoaren ekimena eta erritmoa ezarriz, eta atzean estutasunik pasatu gabe. Nekanek, bizi, Realeko atzelariek galdutako baloi bat baliatu du Oihane Aldairen atea zulatzeko. Lehen zati horretan Iraiaren eta Soldevilaren erremate bana izan dira Realaren ahalegin bakanak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Marta Unzuek estreinako gola sartu du Athleticekin, korner batean: 3-0. Realak berehala lortu du aldea murriztea, falta baten bidez. Nuria Mendoza izan da golegilea. Ainhoa Morazak egin ditu laugarrena eta bosgarrena.