Politika

Urkulluk eskatu du estatutu berriaren akordioa "zabaltzeko" eta "bideragarri" egiteko

EAEko lehendakariak esan du "aztertu" egin beharko direla orain arte EAJk eta EH Bilduk edukien alorrean egindako akordioak, eta onartutako testuak "bideragarria" izan beharko duela.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Donostiako Miramar jauregian, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian, asteartean.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Donostiako Miramar jauregian, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian, asteartean. Juan Carlos Ruiz /Foku

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 3

Eusko Legebiltzarrean adosten ari diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu politiko eta juridikoari buruzko zalantzak agertu ditu Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak berriro, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Lehendakariak uste du "ahalegin" bat egin beharko dela EAJk eta EH Bilduk edukien alorrean egin dituzten akordioak "zabaltzeko", eta lortutako testua "bideragarri" egiteko erakundeetan. Hori hala, bi talde horiek lantaldean hitzartu dutena "aztertu" beharko dela esan du. Izan ere, Urkulluren nahia da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean lortutako akordioak beste taldeei irekitzea, eta "ahalik eta akordiorik zabalena" lortzea. Zehaztu du EAJko militantea den heinean "ados" dagoela EAJk egin dituen akordioekin, baina lehendakari gisa "gizarte osoaren onura" izan behar duela helburu, eta "gehiengoaren eta gutxiengoaren eskubideak bermatu" behar dituela.

Negoziazio horien harira, Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak gaur El Correo egunkariak argitaratu duen elkarrizketa batean dio eurek negoziatu eta adostu egin nahi dutela beste talde politiko batzuk akordiora gehitzeko eta ados dagoela Urkullurekin beste talde batzuk gehitzeko asmoa adierazten duenean, baina "herri honi" betorik jartzea ez dutela onartuko. "Nik errespetatzen ditut alderdi guztien asmo politikoak, baina espero dut gure aldarrikapenetarako ere, independentzia eta estatu libre bat lortzea, bide bat egotea". Gogorarazi du Iriartek estatutu politikoaren oinarria adosteko EAJk eta EH BIlduk "asko" negoziatu dutela eta bi taldeek albo batean utzi behar izan dituztela hainbat gai eta herritarren bizitza hobetuko duen akordio bat dela horren emaitza. "Oinarri eta printzipio horiek bide luzea izan behar dute".

Atzo egunkari horrek berak argitaratutako beste elkarrizketa batean, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi zuen EAJk eta EH Bilduk adostutakoak ez duela aurrera egingo Madrilen. Gaur, lehendakariak ildo beretik azpimarratu du ezinbestekoa dela autogobernu taldean egiten den proposamena "bideragarria" izatea erakundeetan. "Euskal gizarteak eskertuko luke ahalik eta adostasun zabalena izatea testu artikulatuak, Europako Batasunean lekua izatea, aldebikotasuna bermatzea eta, besteak beste, botere judizialarekin lotutako alorrak jorratzea, eskubide sozial eta zibilekin batera". Alor horiek guztiak biltzen dituen akordio batek Espainiako Konstituzioan lekua izan dezakeela uste du Urkulluk.

Estatutu politiko berriaren oinarriak jaso diren bezala Madrilen izan dezaketen erantzunaz galdetuta, Iriartek dio atzera botatzen badute berriro saiatuko direla eskaintzen dituen "aukera demokratikoetan sakonduz". Alde bakarreko bideaz galdetuta, gaineratu du "aurrean inor topatzen ez duzuzenean, bideak alde bakarrekoak" izaten bukatzen dutela.

Estatutu berriaz ez ezik, 2019ko aurrekontuez ere mintzatu da Urkullu gaur irratian, PPk ohartarazi baitu zaila izango dela aurreko bi urteetako akordioa berriz egitea. Urkulluk adierazi du talde guztiekin "hitz egiten eta negoziatzen" saiatuko dela kontuak ateratzeko, eta gobernuak ez duela uste aurrekontuak luzatu beharko direnik. Nolanahi ere, lehendakariak esan du akordioa ezinezkoa balitz ez litzakeela "dramatikoa" izango aurtengo aurrekontuak luzatzea.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna