Osakidetza

ESK-k helegitea aurkeztu dio Osakidetzaren hiru azterketa berriro egiteko erabakiari

Sindikatuaren esanetan, hiru espezialitatetan azterketa berriz egiteko erabakiak ez du oinarririk, fiskaltzak ez duelako oraindik bere ikerketa amaitu eta Osakidetzaren barne ikerketak ez direlako argitara atera.

ESK eta LAB sindikatuetako ordezkariak Osakidetzako hautaproba prozesuaren kontrako salaketa aurkezten, joan den uztailaren 23an, Bilboko Justizia Jauregian. /
ESK eta LAB sindikatuetako ordezkariak Osakidetzako hautaproba prozesuaren kontrako salaketa aurkezten, joan den uztailaren 23an, Bilboko Justizia Jauregian. / Javier Zorrilla/EFE

Berria -

2018ko irailak 3

Osakidetzak hiru espezialitatetarako azterketak berriz egitea erabaki zuen uztailean, iruzur salaketen ondorioz abiatutako barne ikerketak egin ostean. Zehazki, kardiologia, anestesia eta angiologia espezialitateetako azterketak berriz egingo dituela iragarri zuen. Erabakiak, baina, "ez du inolako justifikaziorik", ESK sindikatuaren esanetan. Haren iritziz, ez du zentzurik probak berriz ere egiteak kontuan hartuta fiskaltzak oraindik abian duela hautaproben gaineko ikerketa eta, horrez gain, Osakidetzaren barne ikerketak ez direla jakinarazi. Hori dela eta, gorako helegitea aurkeztu du Osakidetzaren erabakiaren kontra.

Sindikatuaren esanetan, azterketen berriz egin beharra zuzenketa metodologiarekin edota azterketa ereduarekin lotzea "errealitatea desitxuratu nahi izatea" da. ESK-k gogorarazi du notario aurrean iragarri zutela zein izango ziren azterketen emaitzak, eta iragarpen horiek erabat bete zirela.

Ohartarazi duenez, berriro egiteko  erabakiak hautaproben gainean "sortu den ziurgabetasunean sakondu besterik ez du egiten". ESK-k gaineratu du ziurgabetasun hori areagotu egin dutela Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren adierazpenek. Darponek jakinarazi du azterketak "hirugarrenen esku" utziko dituela Osakidetzak. "Horrek zer esan nahi du? Ez al zuen sailburuak esan ez zegoela filtrazio zantzurik eta epaimahaiak garbi zeudela? Salaketak jarri zituzten hautagaiak zirela irregulartasunak egin zituztenak?"

ESK-k Osakidetzari eskatu dio bertan behera utz dezala hiru espezialitatetako azterketak berriz egiteko erabakia, fiskaltzaren ikerketa amaitu eta hark bere jarrera zehaztu arte. Horrez gain, Darpon sailburua "berehala" kargugabetzea galdegin dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mujikaren dimisioa ere eskatu du.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna