Katalunia

CUPek mobilizazio propioak egingo ditu Diada egunean

Manifestazioak antolatu ditu Bartzelonan, Lleidan, Gironan eta Reusen, eta dozenaka ekitaldi egingo ditu Katalunian

Ezkerreko mugimenduen agerraldia.
Ezkerreko mugimenduen agerraldia. CUP

Jakes Goikoetxea -

2018ko irailak 3

CUPek eta haren inguruko ezkerreko mugimenduek kaleko mobilizazioak indartu nahi dituzte berriro, eta Diada eguna baliatu nahi dute horretarako. Lau manifestazio eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailaren 11rako, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek antolatutakoetatik aparte. Diada eguna "herritarroi kentzen ari zaizkigun eskubideak berreskuratzeko abiapuntua" izatea nahi dute Kataluniako Ezker Independentista osatzen duten taldeek: CUP, Endavant, Arran, COS, SEPC eta Alerta Solidaria. Gure izenean erabakitzen jarraitu ez dezaten: Herrialde Katalanetan, autodeterminazioa izango da manifestazioetako eta ekitaldietako leloa.

Mobilizazioekin aurre egin nahi diete "Espainia antidemokratikoari", baina baita "2.0 prozesismoari" ere, Mar Ampurdan Raizeko bozeramailearen esanetan. Fede gutxi dute erakundeengan. Ez Kataluniako Gobernuarengan, ez Kataluniako Parlamentuarengan: "Ez daude prest aurre egiteko eta eraginkorrak izateko, ez autodeterminazio eskubidea gauzatzeko, ezta eskubide sozialak berreskuratzeko ere". Beren iritziz, Kataluniako Parlamentua "edukiz hustuta" dago, Espainiako Konstituzioko 155. eta 135. artikuluen menpe. "Beraz", esan du Ampurdanek, "erasoaldi hori ezin da parlamentutik egin, jendeak egin behar du, langileek, herri eta hirietan". Dei egin die herri mugimenduei indarrak eta aldarrikapenak batzera, borroka guztiak batzera: autodeterminazioaren eta independentziaren aldekoak, feminista, ekologista, etxebizitza duinaren aldekoa, laneko prekarietatearen kontrakoa eta eskubide zibil eta politikoen aldekoa.

Irailaren 8an egingo dute manifestazioa Gironan, eta Diada egunean Lleidan, Bartzelonan eta Reusen. CUPek eta gainerako ezkerreko mugimenduek ez dute argitu ea beren jarraitzaileak ANCren eta Omnium Culturalen manifestazioan parte hartzera deituko dituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna