Elkarrizketa soziala

Muñoz: “Kontserbadoreen iraultza Urkulluk zuzentzen du hemen”

ELAk azaldu du "antidemokratikoa" dela Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako egindako proposamena, ez dituelako errespetatzen sindikatuen ordezkaritzak

Monika del Valle / Foku

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko irailak 4

Munduan kontserbadoreen iraultza bat gertatzen ari dela azaldu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Joaquin Estefania kazetaria aipatuz. Bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iraultza hori Urkulluk zuzentzen duela gaineratu du sindikatuko ordezkariak gaur goizean, eta hori esateko argudioak argitu: “Iraultza kontserbadore hori bultzatzen dutenek oztopoak jartzen dizkiete euren joko arauak onartzen ez dituztenei”. Eta ELArekin berdin jokatzen ari direla dio.

Horretarako arrazoia Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako egindako proposamenean topatu du Muñozek. Uztailaren hasieran jaso zuten elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko zirriborroa, eta dokumentua “antidemokratikoa” dela azaldu dute sindikatukoek. Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak zehaztu duenez, “hasteko eta behin, zeri buruz hitz egin behar den mugatzen du proposamenak”. Izan ere, zerga politiken eta aurrekontu legeen inguruko eztabaidak ez lirateke mahai horretan eztabaidatuko. “Ukatu egiten dute oinarrizko eztabaida”.

Baina antidemokratikoa dela esateko bestelako arrazoi bat erabili dute sindikatuan. “Testua oso lausoa da, eta ez du zehazten sindikatu bakoitzak izan behar duen ordezkari kopurua; ez dago borondaterik sindikatuen ordezkaritza bermatzeko. Berdin du %10eko edo %40ko ordezkaritza izatea”, esan du Novalek. Erabakiak hartzeko garaian, gainera, mahaiak aho batez hartu beharko ditu erabakiak, baina salbuespenak ere ezartzen ditu hori horrela ez den kasuetan eztabaidetan aurrera egiteko: “Nahikoa litzateke sindikatu bakarraren babesa patronalaren eta Jaurlaritzaren edozein akordiok aurrera egiteko”. Horregatik esan du Muñozek proposamena ez dela demokratikoa.

Arrazoi horiengatik, proposamena baztertu, eta “erabaki neoliberalak makillatzeko tresna” gisa definitu dute. Orain arteko elkarrizketa sozialerako mahaiak ere “ez du ezertarako balio izan” Muñozen iritziz, eta hala ez dela frogatzeko “adostutako neurri bat” aurkeztera animatu ditu aldeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna